zaldibar
Zabortegiaren egoera arriskutsua Eusko Jaurlaritzaren ardura ere bada

Ingurumen Sailak ekainaren 1ean Fiskaltzaren esku utziriko txosten tekniko batek Zaldibarko zabortegian dagoen arrisku larriaz ohartarazi du eta Fiskaltzak eskatu du auzibide berri bat irekitzea ustezko delitu horiek ikertzeko, eta epaileak onartu egin du. Eskaria Fiskaltzak egin du Ekologistak Martxaneko eta Zaldibar Argitu eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako abokatuekin adostuta, Kartaren partaide garen heinean, iruditzen zaigu auzibide berriak lagun dezakeela hondamendiaren inguruko erantzukizunak hobeto argitzen, bai ingurumenaren kontrako delituen ikerketan zein Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen kontrakoan. Honen ondorioz, Verter enpresako jabeen deklarazioak beste behin ere atzeratu egin dira, oso luzea izaten ari den instrukzioa are gehiago luzatuz.
Eusko Jaurlaritzak bere egin duen txosten teknikoaren arabera, Zaldibarko zabortegiak gaur egun ingurumen arrisku larriak ditu hondakinen asentamendua, ezegonkortasuna, suteak, lixibiatuak, usainak eta gas kalteagarrien isurketei dagokienean.
Txostena Eusko Jaurlaritzak eskatu eta Fiskaltzara bidali arren, ez da ahaztu behar enpresarena ezezik, Eusko Jaurlaritzaren ardura ere bazela zabortegia martxan zen bitartean kontrol lanak egitea, beraz gertatutakoaren erantzule ere bada. Horregatik daude ikertuta Eusko Jaurlaritzako teknikariak, zabortegiko jabeak eta txosten teknikoak egiten zituzten enpresak ere. ELAren ustez, denak ikertuak izateak, zabortegiaren arduradunak eta kontrol lana egitearen arduradunak, erakusten du gauzak nola egiten dituzten, enpresaren interesak defendatuz beste guztiaren gainetik.
Orain, batzuen eta besteen ardura maila zehaztea dagokio irekita dagoen auzibideari etaELAk ardura guztiak argitu behar direla exijitzen jarraituko du.