Zahar-egoitzen egoera larriak okerrera egin du pandemiaren seigarren olatuan

2022/01/13
Pandemia aurretik ere ELAk hainbatetan salatu du adineko egoitzeko langile gutxiegi dagoela, eta horrek bi ondorio nagusi ditu: beharginentzako gehiegizko lan karga eta adinekoek jasotzen duten zerbitzu desegokia. Aldundietako arduradunek ratioak hobetu direla esanez propaganda egin arren, pandemia garaian ere ez dute inbertsioa handitu. Aitzitik, lan kargak asko areagotu dira, egoitzak sektorizatu egin direlako, baita pandemiari aurre egiteko eginbeharrak ugaritu direlako ere. Gainera, kutsatze kasuek eta akidura fisiko zein psikologikoak eragindako langileen bajetako asko ez dira ordezkatzen.

Egoera horrek bi ondorio ditu:


1. Ordezkapenak egitekotan sarri lankideen osasunaren kalterako izaten dira, izan ere, hutsune horiek eurek betetzen dituzte egun libre, jaiegun eta oporraldietan, edo lanaldia bikoiztea dakar. Egoitza batzuetan eragozpenak ere jarri izan dizkiete lizentziak edo ordu sindikalak hartzeko, esaterako. Gainera, gertatu izan da zahar etxe bateko zuzendariak kutsatuta zeuden langileei esatea lanera joan zitezkeela, baldin eta EPIa bazeramaten…
2. Ordezkatzen ez diren bajak lan kargak handituz ‘betetzen’ ari dira, edota langileei dagokien kategoriatik gorako eginkizunak egotziz. Esaterako, geriatria laguntzaileak egoiliarrei intsulina ematen ari zaizkie erizain nahikorik ez dagoelako.
Horrenbestez, Hego Euskal Herriko egoitzetako errealitatea langileentzat jasangaitza da, eta zerbitzua pandemia aurretik ematen zena baino txarragoa.

Langile gutxiegi dagoenez, zaintza sektorean diharduten enpresen mozkinak puzten ari dira, ia bi urtez akidura fisiko eta psikologikoa pairatzen duten langileen osasunaren kontu; erakundeek aukera ematen dute hori gerta dadin.


Erakundeei eta sektoreko patronalei galdatzen diegu behingoz aintzat har ditzatela ELAk plazaratu izan dituen aldarriak:

  • Zahar etxeetako lantaldeak zabaldu eta egonkortu. Horretarako egoitzetako ratioak lehenbailehen aldatu behar dira. Lan- eta bizi-baldintza duinak bermatu behar zaizkie, hala langileei, nola erabiltzaileei.
  • Gurean sektoreko patronalek lan-hitzarmenen negoziazioan ezarri duten blokeoa bukatu: Gipuzkoako langileek 255 egun baino gehiago daramatzate greban 2017an iraungi zen hitzarmena berritzearen alde. Araban eta Nafarroan greba egunak deitzen ari dira estatuko hitzarmenak hedatzen duen miseriari aurre egiteko, eta Bizkaian greba egun bat egin zen patronalaren proposamen atzerakoiak ikusirik.
  • Zaintza sektorea publifikatzeko benetako eztabaidari ekin, diru publikoa balia dadin lan-baldintza duinak ezartzeko, genero arrakalarik gabe, eta zerbitzuaren kalitatea hobetzeko.