GREBA OROKOR FEMINISTA

Zaintzak erdigunean, grebara

2023/11/14
Mugimendu feministak, eragile sindikal eta sozialekin elkarlanean, greba orokorra deitu du azaroaren 30erako

Euskal Herriko mugimendu feministak prozesu parte hartzaile bat eraman du azken urteetan, hainbat sindikatu eta gizarte eragilerekin batera. Prozesu horren ondorioz, azaroaren 30a greba orokor feminista izango da Hego Euskal Herrian. Gurean egiten diren lanordu guztien artean, ordainduak zein ordaindu gabeak, %61a zaintza lanak dira. Batez ere emakumeen bizkar uzten diren lanak, gutxietsiak eta ikusezinak diren lanak, miseriazko baldintzetan egiten diren lanak.

Zaintza eskubidea helburu

Greba feminista orokorraren aldarrikapen nagusia zaintza eskubide kolektiboa eraikitzea da, zaintzen egungo antolakuntza soziala eraldatuz eta euskal zaintza sistema publiko-komunitario duina eraikiz. ELAk urteak daramatza helburu horiek lortzeko lanean. Horren lekuko sindikatuak Hego Euskal Herrian pandemiaren ostean zaintzaren esparruan deitutako hiru greba egunak: 2020ko azaroaren 17an, 2021eko urtarrilaren 26an eta 2021eko martxoaren 4an.Ezinbestekoa da zaintza publikoaren alde urrats berri eta handiagoak ematea. Horregatik ezinbeteskoa da azaroaren 30eko greba orokor feminista. Langile guztiak daude bertara deituak, eta sindikatu osoa buru belarri dabil grebaren antolaketa prozesuan.

Buru-belarri greba orokorra prestatzen

Leire Gallegok, ekintza sozialeko arduradunak, greba orokorraren garrantzia azpimarratzen du. “2022ko otsailetik mugimendu feministak gidatuko asanbladetan parte hartzen ari gara. Greba hau hausnarketa prozesu luze baten ondorio da. Eragile bakoitzak bere ardurak ditu, eta gu, sindikatu bezala, gure ardurak ditugu. Edozein greba orokorretan bezala, antolaketa prozesua luzea da. Sei hilabete lehenago federazioetan grebaren lanketa hasten da, helburu argi batekin: sindikatuak dituen delegatu eta afiliatu guztiengana heltzea. Hiru hilabete lehenago, kasu honetan irailetik azarora, egitura guztia greba lantzen eta sozializatzen hasten da. Sindikatuko delegatu eta ordezkari guztien lan bileretako agendan dagoen puntu bat da greba”.

“Azken hilabetean, azaroa osoan, greba orokor feminista izango da ELAren lehentasuna. Agenda garbitzen saiatzen gara grebari tokia egiteko. Eskualde guztietan delegatuen asanbladak egingo ditugu, enpresa batzordeen babesa jaso, lantokietan afiliatuen asanbladak egin, greba kalean sozializatu –propaganda banatu, auto-karabanak, manifestazioak, pankartak jarri–...”.

ELA etxe barruan egiten ari den lanaz gain, asko dira hiri, herri eta auzo ezberdinetan antolatu diren Greba Batzordeetan parte hatzen diren sindikatuko militanteak. Zaintzak erdigunean, azaroak 30ean, denok grebara!