Zaldibar Argitu eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta Zaldibarko hondamendiaren kasutik kanpo utzi dute

2021/08/02
Zaldibar Argituk eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Zaldibarko hondamendiaren kasuan, langileen eskubideen aurkako deliturik egon den argituko duen prozedimentutik kanpo utzi gaituztela salatu dute

Apirilaren 30ean, Zaldibarko hondamendian langileen eskubideen aurka deliturik egon zen argitzeko kausatik kanpo Karta Soziala eta Zaldibar Argitu utzi zituzten eta maiatzaren 11ean helegitea aurkeztu zuten. Orain berriro ere langileon eskubideak defendatzeko herri akusazio gisa aurkezteko eskubiderik ez dutela esan diete. Baina juridikoki ez dago arrazoi nahikorik prozedimentu honetatik kanpo uzteko:
- Autoaren arabera, interes gehigarri berezia akreditatu behar da, baina hori ez dago inon horrela araututa.
- Delitu publiko baten aurrean gaude eta gu herritarrak diren heinean, herri akusazio gisa aurkezteko eskubidea dugu.

Gertaera honen, eta orokorrean Zaldibarren gertatutako guztiaren atzean, argitu gabeko auzi asko daude. Eusko Jaurlaritzaren eta enpresa pribatuen arteko harreman eta interes ilunak, langileon segurtasunaren eta eskubideen urraketak, ingurumenaren kontrako jarduerak… Gertatutakoaren aurrean, inork ez du erantzukizunik beregain hartzen; ez enpresak, ez Eusko Jaurlaritzak. Horregatik ezinbestekoa da herri akusazio indartsu bat izatea, eta hain zuzen ere horregatik utzi gaituzte kanpoan, ez dutelako inongo interesik benetan gertatu zena argitzeko.

Zaldibar Argitu eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen duten eragileek Zaldibarko hondamendia argitzeko borrokan dihardute, eta Zaldibarko kasuaren atal honetan edo ingurumen delituaren atalean, horretan jarraituko dute.

Langileak, osasuna eta erantzukizunak ORAIN!