Zaldibar: gogoratu eta argitu #Zaldibarargitu

2022/02/09
Zaldibarko zabortegia behera etorri zeneko bigarren urteurrenean, ELAk elkarratearatzeak deitu ditu bere egoitzen atarian. 2020ko otsailaren 6an gertatu zena ez ahazteko eta erantzukizunak argitzeko.

Zaldibarreko zabortegiaren luiziaren bi urte pasa direnean oraindik ez dira erantzukizunak argitu. Argi geratu da Eusko Jaurlaritza noren interesak defendatzen ari den. Gertatutakoa argitu eta desastre honetan izan duen erantzukizuna aitortu ordez, ahalik eta irabazi handienak lortzea naturaren eta pertsonen bizitzaren gainetik jarri zituen enpresaren interesak babestu ditu.

Frogatuta geratu da Verter Recycling enpresak zuzeneko erantzukizuna duela hildako langileen gainean. Euren erantzukizuna onartu dute espetxean ez sartzearen truke, eta enpresak biktimen familiei kalte ordain ekonomikoa ordaintzeko konpromisoa hartu du. Langileen heriotzak merke ateratzen zaizkio patronalari.

Baina Zaldibarko zabortegia behera etortzearen erantzukizuna ez da enpresara mugatzen. Izan ere, administrazio publikoek zuzeneko erantzukizuna dute azpiegitura hauetan: zaintza eta kontrol lana. Zaldibarko zabortegian ez zuten egin beharrekoa egin, eta horregatik, garrantzi berezia du erantzukizunak argitzeak, baita erantzukizun politikoak ere.

Erantzukizun politikoak argiak diren arren, Eusko Jaurlaritza ez dago akusatuen aulkian. Eusko Jaurlaritzak, ezagutzen zituen irregulartasunak kontrolatu eta enpresari legea betearazi beharrean, behin eta berriz izkutatu zituen, zabortegia behera etorri arte.

Era berean, Eusko Jaurlaritzaren ingurumen politikek eta hondakinak kudeatzeko politikek patronalaren interes neoliberalak eta bizitzaren aurkakoak defendatzen dituzte. Politika horiek ez dituzte langile klasearen premiazko arazoak konpontzen, ezta tokian tokiko edota mundu mailako emergentzia ekologikoari erantzunik ematen ere. Politika bidegabe hauek aldatzeko garaia da, alternatibak badaude. Baina borondate politikoa falta da bizitza eta osasuna beste guztiaren gainetik jartzeko.