Zaldibarko zabortegiko ezbeharra ekidin zitekeela salatzen du ELAk eta mobilizazioetan parte hartzera deitzen du

2020/02/10
Zaldibarko zabortegiko ezbeharra ekidin zitekeela salatzen du ELAk eta parte hartzera deitzen du gaur, otsailak 10, Zaldibar, Ermua eta Eibarren antolatu diren mobilizazioetan. Sindikatuaren ustez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak ez du bere lana behar bezala egin. “Egoera irregular baten aurrean ez dute eskuhartu. Saileko arduradunek esan dute irregulartasun ugari antzeman zirela pasa den ekainean zabortegi honetan egindako inspekzioan eta 8 hilabetean ez dute ezer egin”, salatu du.

ELAk kritikatu du baita ere hilabeteak daramatzala EAEko jarduera kutsakorren inguruko informazioa eskatzen Ingurumen Sailari eta ez zaiola inongo informaziorik ematen, nahiz eta informazio publikoa den eta berau eskuratzeko eskubidea duen.

Bukatzeko, ELAk azpimarratu nahi du egun hauetan zabortegien arriskuei buruz eta erraustegien aldeko aldarria egiten dutenei, erraustegietan oinarritzen diren hondakinen kudeaketa sistemak zabortegi toxikoak behar dituztela, Zaldibarkoa adibidez. Horrenbeste aldiz aipatutako teknologia aurreratuenak modu bidegabean erabiltzeak ingurumena, osasuna eta langileon bizitzak arriskuan jartzen dituela salatzen du.