Virtisu enpresaren hartzekodunen konkurtsoa iruzurra izan zen

ELA pozik agertzen da Bilboko 2 zk.ko epaitegiaren epaia ezagutu ondoren, Virtisu, S.L.ren hartzekodunen konkurtsoa errudun deklaratu eta Jofel Industrial 26.000.000 euro ordaintzera kondenatu baita.
Gogoratu beharrekoa da Virtisu, S.L.ko plantilla bertan behera laga zutela 2012ko amaieran, hainbat hilabete ordaindu barik. Harez geroztik manifestazioak, elkarretaratzeak, eta ekintza ugari burutu dira lantegi horrek geroa baduela aldarrikatuz, eta egoera ekonomikoaren errudunak Jofel Industrial eta horren inguruko finantza-sarea direla azpimarratuz.
ELAk zorionak ematen dizkie Virtisu, S.L.ko langileei azken unera arte duintasunaren alde agertzeagatik. Epaiak, zeinaren kontra errekurtsoa jartzea badagoen, Jofel Industrial kondenatu du 26.000.000 euro gehi interesak ordaintzera, eta Jofel Industrial bost urtez desgaitu du. ELAren zerbitzu juridikoek beti pentsatu dute Jofel Industrialek (Virtisuren jabea) zorrak ordainduko balizkio Virtisuri, azken horren egoera ekonomikoa krisitik kanpo geratuko litzatekeela; eta hala ulertu dute epaitegian ere.
Sindikatuak salatu zuen Jofel-ek, akziodun nagusia izanik, Virtisu saldu du, eta Virtisuko administrazio-kontseiluari agindu ziola ia 10 milioi euroko zorra barkatzeko. Bestalde, Jofelek beste 16 milioi euro zor zion Virtisuri. Konkurtsoa iruzurrean egin zen.
ELAk epaia benetan betetzen den begiratuko du, eta bere eskerrona agertu nahi dio konkurtso-administrazioari, zintzo jokatzeagatik, eta 100 langile zituen enpresa baten itxieraren errudunen atzetik joateagatik.
Epaia azkenean irmo bihurtzen den edo ez, eta zor guztiak ordainarazteko baliagarria den edo ez alde batera utziz, ELAk goraipatu nahi ditu borroka honen benetako protagonistak, 100 langileak, haien etxekoak, eta batez ere seme-alabak, gatazka horren ondorioak bideo hunkigarri baten bidez hain maisuki plazaratu baitzituzten.