Zapatero, finantz- eta ekonomi-botereen zerbitzari

2010/05/12
ELAk erabat arbuiatzen ditu Zapaterok Espainiako Korteetan iragarri dituen erabakiak. ELAren arabera, Zapateroren planak oso injustuak dira, doikuntzaren karga guztia langileei eta gizarteko sektorerik ahulenei –pentsiodunei, esaterako- leporatu nahi baitie.

Maiatzaren 12an egin duen hitzaldiarekin Zapatero berriro ere ekonomi- eta finantz-botereen zerbitzari gisa agertzen da. Krisia eragin dutenak oraindik agintzen ari dira: gobernuek zer egin behar duten esan eta hauek men egiten diete.

Urte askotan gobernuek ekonomi- eta finantza-botereen esanetara egin dute lan: Sozietateen Zerga murriztu dute; errenta altuen eta kapitalen PFEZa jaitsi; ondarearen gaineko zerga kendu dute; banketxeei milaka milioi euro eman diete, eta espekulazioa geldiarazteko ez dute ezer egin. Orain, defizit publikoa gutxitzeko aitzakiarekin, pentsiodunen eta sektore publikoko langileen aurka jo nahi dute.

Zapateroren iragarpena murrizketa plan orokor baten atal bat besterik ez da, osasungintza eta hezkuntzako gastu publikoa ere gutxitu egingo baitituzte, eta horrela goitik behera zetozen gastuak areago urrituko dira.

ELAk eta euskal gehiengo sindikalak aspaldian aldarrikatu dugu krisiari irtenbide justu bat eman behar zaiola. Horregatik hainbat mobilizazio egin dugu: 2009ko maiatzaren 21ean greba orokorra; politikak alda zitezela eskatzeko kanpaina bat, 100.000tik gora sinadura bildu dituena, eta joan den martxoan agerraldiak, Gobernuak proposatu dituen erreforma laborala eta pentsioen murrizketaren aurka. ELAren iritziz, erabakion kontrako mobilizazioari eutsi egin behar diogu.