Zapaterok iragarritako neurri fiskalak atzerakoiak dira

2009/09/28
ELAko Batzorde Eragileak irailaren 28ko bileran Espainiako Gobernuak iragarri dituen zerga-neurriak aztertu ditu. Bere iritziz, neurriok atzerakoiak dira, eta batez ere, lanaren errentei egingo diete kalte.

Hurrengo ondorio hauek ekarriko dituzte:

 -       PFEZaren 400 euro kendu izanak kalte egingo die azkenean lanaren errentei. Zapaterok 400 euroko kenketa ezarri zuenean, herritarrei ekonomiaren moteltzearen ondorioak gainditzen laguntzeko zen. Urtebete geroago, ordea, eta egoera ekonomikoa are larriagoa denean, kenketa ezabatu nahi du. Harrigarria, benetan.

 -       BEZ zeharkako zerga igoko dute. Neurri atzerakoia da, herritar guztiei, norberaren errenta zenbatekoa den kontuan hartu barik, areagotzen baitzaie berdin presio fiskala. Igoera horren ondorioak gehien jasango dituztenak behartsuenak izango dira. Gainera, deigarria da 2010eko uztailean ezarri nahi izatea, ordurako ekonomiaren bilakaera oso nabarmen alda liteke, eta neurria alferrik izango da.

-        Iragarritakoa eta guzti, kapitalak izango duen gehikortasuna dexente txikiagoa izango da, lanaren errentek dutena baino, bi tarte baino ez baitu edukiko. Gainera, kapitalaren tasa marginalak lanarenak baino askoz txikiagoak izango dira aurrerantzean ere.

 -       Sozietateen gaineko Zerga, eta hortik datorren diru-bilketa, gutxitu nahi izatea, gauden egoeran gaudela, zalantzazkoa da onenean ere. Neurri horrek iruzur fiskala bultza dezake bost milioi eurotik gora fakturatzen duten enpresetan.

               Espainiako Gobernuak iragarritako neurrietatik BEZak soilik izango du eragina Hego Euskal Herrian, gainerako euskal erakundeek erabakitzeko eskumena baitute. Hori dela-eta, ELAk premiatu egiten ditu foru aldundiak eta Nafarroako Gobernua, Espainiako Gobernuaren politikari jarraipen itsua ez egiteko, eta Ekonomia Itunak eta Ekonomia Hitzarmenak ematen dieten eskumenaz zeharo baliatzeko.

Egoera ekonomiko honetan inoiz baino beharrezkoagoa da beste sistema fiskal bat bilatzea, trinkoagoa, zuzenagoa eta solidarioagoa. Nahitaez igo behar da presio fiskala Europako mailaren parean kokatzeko. Baina igoera hori errenta handiei eta kapitalekoei ezarri behar zaie, horrela bakarrik parekatu ahal izango gara Europarekin, gizarte-gastuan ere bai.