ZATIKETA ETA PRIBATIZAZIOA ONARTZEN EZ DITUZTEN SINDIKATUAK BAZTERTZEA ERABAKI DUTE SEPI ETA GOBERNUAK

2004/10/07

Adolfo Muñoz, Txiki, ELA-METALeko idazkari nagusiak La Navalen egoeraz esandakoak: <p>Sindikatu guztiek eta SEPIk atzo Madrilen arratsaldeko bostetan izan beharreko bilera zortzietan hasi zen. Bileraren aurreko hiru ordu horietan SEPIk beste bilera bat egin zuen UGT eta CC.OO.ekin, gainerakook alde batera utzita, beste garai ilunago batzuetan egiten zen bezalaxe. Ontziolen arazoak bideratzeko erabiltzen ari diren moduak oso adierazgarriak dira: SEPIren eta Gobernu Espainolaren proiektuaren funtsezko ideiekin bat ez gatozenok bazter batera utzi nahi gaituzte.<p>

SEPIk babesleak behar ditu bere proiektuari eusteko, eta laguntzaile horiekin akordio bat lortu, eta lortu egingo du. Bere proiektuaren oinarria pribatizatzea da, hau da, sektore publikotik kanpo geratzen diren ontziolak pribatizatzea, oso-osorik edo zati batean. Zurrunbilo horretan Naval-i egokitzen zaion geroa, onenean ere, epetan ixtea da. Ez da komeni ahaztea Naval sektore publikotik kanpo uztea ala ez erabakitzea erabaki politiko hutsa dela.<p>

CC.OO.k eta UGT-k Madrilen agertzen duten jarrera (bereizteko proposamena aztertuko dutela diote) kontrajarrita dago azken astean egindako adierazpenekin. Izan ere, adierazpen horietan, gainerako sindikatuekin eta Euskal Administrazioarekin batera, esaten zuten ez dagoela beste irtenbiderik, sektore publikoaren barruan geratzea baino. ELAk ez du nahi beste sindikatu batzuekin elkar joka hasi; jakin nahi dugu, besterik ez, ea bi sindikatu horiek Naval publiko izaten jarraitzeko eskakizuna bertan behera utzi duten ala ez, eta zein jarrera hartuko duten Madrilen, Naval-en etorkizuna erabakiko den tokian. UGT-ko Metaleko idazkari nagusiak, atzo Gasteizera egindako bisita batean, esan zuen enpresa publiko berritik kanpo geratuko diren ataletan partehartze pribatua nagusia izango dela. SEPIk ziurtzat jotzen du akordioa bi sindikatu horiekin.<p>

ELAren ustez, SEPIrekin Bruselara ez joateko gure arrazoiak azaltzean esan genuen bezala, antzerki-lana ari dira egiten, dagoeneko finkaturik daukaten egutegia betetzen joateko. Gure iritziz, Bruselara joan ziren sindikatu batzuei ez zieten ziria sartu, ez; bazekiten jakin ere hangoa eman beharreko pausoa zela, egutegiaren epeak betetze aldera.

Abiapuntutik orain arte norabidea aldatu duten bakarrak CC.OO. eta UGT dira, SEPIk bere horretan jarraitzen du hasieratik Bereizketa Planaren eduki osoari eutsiz.