Bizkaiko autoeskolak
Zazpi negoziazio mahairen ostean, greba egingo dute patronalaren blokeoa hausteko

Aurrerapausorik gabeko zazpi negoziazio saioren ostean, Bizkaiko autoeskoletako langileek erabaki dute greba dinamika bati ekitea. ELA eta CCOO sindikatuek uztailaren 8, 16 eta 21erako greba deialdia egin dute APAVIren jarreraren aurrean, patronalak ez baitu benetako edukirik eskaini langileen eskaerei erantzuteko.
Patronalak aurkeztutako proposamenak ez du KPIaren eguneratzea bermatzen eta ez du irakasleen lanaldi murrizketaren inguruko neurririk jasotzen, nahiz eta sektoreko aldarrikapen nagusienetarikoak izan. Administrarien kasuan, berriz, aurkeztu duen lanaldi murrizketaren proposamena ez da nahikoa, eta ez du langileen egungo lan karga eta kontziliazio beharrei erantzuten.
APAVIren soldata proposamena KPIaren azpitik dago: 2025erako %2,5eko igoera aurreikusten du, eta horrek 2024ko itxierako KPIarekiko erosahalmenaren %1,1eko galera suposatuko luke. Gainera, ez da inolako pausorik eman lan karga arintzeko, ezta kontziliazioa eta berdintasuna hobetzeko ere.
Langileek azpimarratu dute grebara jotzea patronalaren borondate faltak ezarri duen beharrezko urratsa dela. Egoera bideratzeko proposamen errealik ezean, mobilizazio eta greba egunen bidez sektorearen duintasuna, soldata justuak eta lanaldi bidezkoak exijituko dituzte.