ASPACE BIZKAIA
Zazpigarren greba eguna garun paralisiaren nazioarteko egunaren bezperan

Garun paralisiaren nazioarteko egunaren bezperan, eta grebaren zazpigarren egunarekin bat eginez, ASPACE BIZKAIAko langileek jai eta aldarrikapen kutsuko flashmob bat egin dute Bizkaiko Foru Aldundiaren jauregiaren aurrean, enpresak aurten bertan behera utzi baitu egun horren ospakizuna.
Goizeko 10:30etatik 14:00ak arte, langileek gatazka plazaratu dute eta 2.000 orri baino gehiago banatu dizkiete oinezkoei, beren aldarrikapenak irakurtzeko: erosteko ahalmenaren galera berreskuratzea, lan-prekarietatea amaitzea, hitzarmena betetzea bermatzea, eta soldaten igoera KPItik gorakoa izatea.
ASPACE Bizkaiko langileak elkarteko familiekin egon dira, eta horrela langileen aldarrikapenei babesa eman nahi izan diete.
Ezarritako gutxieneko zerbitzuak handiak izan arren, langileek, berek diotenez, “ahalduntzea lortu dugu, eta ez gara geldituko bidezkoa dena lortu arte”.
Datorren astean beste negoziazio-bilera bat egingo da, eta enpresa batzordearen azken proposamenari erantzuteko prest egotea espero dute. Proposamen hori Amaia Antxustegi gizarte ekintzako diputatuari ere helarazi zaio. Adostasunik ez badago, borroka areagotu egingo dute.