Zazpigarren lan istripu hilgarria: 62 urteko langile migratzaile bat hil zen obra batean, Barakaldon

2022/02/09
ELAk atzo arratsaldean Barakaldon gertatutako lan-istripu hilgarria salatu du. Izan ere, eraikin bateko fatxadan konponketak egiten ari zen 62 urteko langile migratzaile bat zen makina astun batek harrapatuta. JPSP enpresa portugaldarreko langilea zen, Construcciones y Reformas ANDRASA S.L. enpresak azpikontratatua. ELAk, gehiengo sindikalarekin batera, elkarretaratzea deitu du otsailaren 11n goizeko 11:30etan Barakaldoko Bide Onera enparantzan, langile-klaseak lantokietan pairatzen duen lan-prekarietatea gaitzesteko, tamalez bizitzak aurretik eramaten jarraitzen baita.

ELAk babesa eta elkartasuna adierazi die hildako langilearen senide eta lankideei, eta, aldi berean, istripuaren berehalako ikerketa eskatzen du istripuaren arrazoiak eta erantzukizunak argitzeko.

2022. urte honek ez du hilabete eta erdi ere bete, eta dagoeneko 7 pertsona hil dira lan-istripuz Hego Euskal Herrian. Aurreko urteetako bide beretik jarraitzen dugu, lan-merkatuan jasaten dugun egiturazko prekarietatea ez delako geldiarazten. Urte amaieran horrela jarraitu ezgero, berrogeita hamar pertsona baino gehiago hil egingo dira beren lanpostuetan.

Eraikuntzaren sektoreak istripu asko metatzen ditu eta ezbehar-tasa oso altuak ditu, arrisku handiak dakartzalako, hala nola kolpeak edo altueran erortzeko arriskua, eta, gainera, azpikontratazio-maila handiko sektorea da, kasu honetan bezala atzerriko enpresa bat azpikontratatu delako, eta horrek are gehiago prekarizatzen ditu lan-baldintzak, kostuak jeisteko prebentzio-neurriak alde batera uzten direlako.

Gobernuek zein erakundeek ezagutzen dituzte langile askok lan egin behar izaten duten lan-baldintza deitoragarriak, baina ez dira neurri egokiak hartzen enpresetan prekarietatea desagerrarazteko, nahiz eta bitartekoak eta neurriak egon, neurriak enpresen interesen aurkakoak direlako, gastua dakarkielako eta prebentzioak ez duelako ezer produzitzen, ez dute patronalarekin aurrez aurre jarri nahi, nahiz eta neurri hauek bizitzak salbatzen dituzten.