LAN OSASUNA
Zenbat balio du langile baten zangoak?

Jakes Anduaga Aranburuk tornulari gisa egiten zuen lan Idiazabalgo (Gipuzkoa) Lau Lagun Bearings metal enpresan. 2021eko azaroaren 21ean, Jakesek lan-istripu larria izan zuen. 1.600 kiloko eraztun bat orga jasotzaile batetik erori zitzaion, eta horrek ondorio larriak izan zituen bere eskuineko zangoan; istripuaren ondorioz, zangoa moztu behar izan zioten. Jakesek sei hilabete zeramatzan lanpostu horretan.
Bidelagun Fundaziotik berehala jakinarazi zioten enpresaren arduragabekeria nabarmena zela, langileak ez zeukalako lanpostu horrek eskatzen zuen beharrezko prestakuntza.
Jakesek nabarmendu duenez, “inoiz ez zitzaidan eskaini nire lanposturako prestakuntza-ikastaro espezifikorik egitea. Fenwick eta garabiei buruzko prestakuntza txiki bat egin nuen, baina ez zuten batere balio nire posturako. Fenwick bat ematen zizuten, oinarrizko gauza pare bat esaten zizuten eta kito. Ezer ez, palet bat hartu, igo, jaitsi eta hurrengo langilea. Prestakuntza hori zen. Horrekin, itxuraz, bazenekien fenwick bat erabiltzen. Garabiekin, berdin. Urez betetako balde bat jarri ziguten, eta zirkuitu bat egin behar genuen, ahalik eta ur gutxien eror zedin ahaleginduz. Noski, jendeari ura erortzen zitzaion, baina berdin zion, ez zen ezer gertatzen, denek gainditu genuen proba. Paperak betetzeko, eta, zerbait gertatuz gero, enpresak atzamarrak ez harrapatzeko aitzakia hutsa zen”.
“Lanean hasi nintzenean lehen egunetan pixkat laguntzen zidan pertsona bat nuen ondoan; handik egun gutxira makina aldatu zidaten, eta gauza bera, gertu nuenak pixka bat laguntzen zidan. Baina berehala, gauez lan egitea egokitu zitzaidan egun batean, bakarrik geratu nintzen: ‘begira, hor dituzu bi makinak, lan hau duzu egiteko eta hor konpon’. Eta tona askoko piezak erabiltzen ditugun, eta arrisku fisiko handia duen gurea bezalako lan batean esaten dizute”.
Istripuaren ondoren, Lau Laguneko zuzendaritzak Jakesi deitu zion kitapena sina zezan. “Izapide normala izango zela uste nuen. Zangoa moztu zidaten eta zango ortopedikoarekin nenbilen kitapena sinatzeko deitu zidatenean, baina, zorionez, Bidelagunetik ez egiteko esan zidaten, X bat eta ‘ados ez’ bat jartzeko. Enpresak ELAk eskatzen zuen prestazioen errekargua ordaintzetik salbuetsita geratu nahi zuen, epaileak berak eskubide hori nuela esan zuen arren”.
“Kalte-ordaina kobratzeko –jarraitzen du– ez zen arazorik izan, diru hori aseguruak jartzen zuelako eta Lau Laguni ez ziolako inolako kalterik eragiten, baina prestazioen errekarguari dagokionez –enpresak ordaindu behar zuen hori–, bere jarrera oso bestelakoa izan zen. Auzitara jo behar izan genuen. Lau Lagunek ez zuen prestazioen errekargua ordaindu nahi, edo, nolanahi ere, % 30ekoa izatea nahi zuen. Epaileak arrazoia eman digu, eta enpresak epai horren aurkako errekurtsoa jartzeko aukera duen arren, oso albiste positiboa da”.
Gezur eta gezur gehiago
Epaiketa iritsi zen, eta Jakes Anduagak gogoan du egoera hori film bateko protagonista balitz bezala bizi izan zuela. “Enpresak argudiatu zuen beharrezko prestakuntza jasotzeko aukera eskaini zidala, eta nik uko egin niola, eta hori, frogatu genuen bezala, gezurra zen. Epaiketan enpresak eskorgak eta garabiak erabiltzeko ikastaro bat geneukala argudiatu zuen. Era berean, esan zuen segurtasun-puntu guztiak gure eskura jartzen ziren paper batzuk eman zizkigutela. Hala ere, hori ez zen nahikoa, ez baikenuen berariazko inolako prestakuntzarik gure lanposturako. Inoiz ez nuen nire lanposturako gutxieneko prestakuntzarik egin”.
Hori ez zen gezur bakarra izan. “Epaiketan, enpresak esan zuen nirea izan zela enpresako lehen istripu larria. Gezurra. Lehentxeago beste langile batek beso bat galdu zuen, eta gutxigatik ez zen hil. Enpresako abokatuak, aurpegira begiratuz, prestakuntza jasotzeari uko egin niola esan zidan epaiketan. Gezurra. Zirkinik egin gabe. Ez dakit nola iristen den jende hori etxera eta lasai lo egin”.
“Ni protagonista nintzen filma zirudien".
Jakes Anduagak gogoan du epaiketa, bera protagonista zen film bat balitz bezala. “Bi lekuko eraman zituzten: enpresako arduraduna eta istripua gertatu zenean ondoan nuen lankidea. Ni Bidelagunen abokatuarekin eta perituarekin iritsi nintzen epaiketara, eta nire lankidea harrituta geratu zen. Hurbildu eta esan zidan: ‘Jakes, zer egiten duzu hemen?’ ‘Ezer ez, nire epaiketara nator’, erantzun nion. Berak ez zekien ezer epaiketaz, ez zekien zertara zihoan. Enpresak esan zion joan egin behar zuela, istripua zela-eta Gizarte Segurantzak enpresari jarritako isun bat zela-eta, baina besterik ez, kontuak ez zuela nirekin zerikusirik. Engainatuta eraman zuten”.
“Gauza horiek filmetan ikusiak nituen, baina ez nuen uste benetako bizitzan gertatzen zirenik. Film batean egotea bezalakoa zen, baina oraingoan ni nintzen protagonista. Zangorik gabe utzi naute eta beraiek ere sinesten ez dituzten gezurrak botatzeko gai dira. Eskerrak Davidek –Bidelagunen abokatuak– lasaitzeko keinuak egiten zizkidala, bestela… (barre egiten du)”.
Jakesen istripuak, behintzat, enpresak bere funtzionatzeko modua erabat aldatzeko balio izan du. “Lan egiteko modua goitik behera aldatu du. Horixe izan zen, hain zuzen ere, epaiketan atera zen galderetako bat, eta arduradunak berak aitortu behar izan zuen istripua gertatu zenetik prozedura osoa aldatu dutela. Hori, edo ez zela behar bezala lan egiten edo gure lanpostuek arrisku handia zutela modu esplizituan aitortzeko modu bat da. Istripua nire errua izan balitz, haiek ezer txarrik egin ez balute, ziur egon ez zuketela ezer aldatuko”.