Zerbitzu publikoetako langileak mobilizatzera deitzen dituzte ELA, LAB eta STEE-EILAS sindikatuek

2011/12/07
Zerbitzu publikoetako langileak mobilizatzera deitzen dituzte ELA, LAB eta STEE-EILAS sindikatuek
Mobilizazio hauei hasiera emateko hurrengo asteetan lan zentroetan batzarrak eta elkarretaratzeak deitu dituzte ELA, LAB eta STEE-EILAS sindikatuek. Urtarrilaren 26ean manifestazioak egingo dira Gasteiz, Donostia eta Bilbon eta otsailaren 9an 4 orduko lanuztea eta manifestazioak EAEko hiru lurraldeetan.

Azken hamarkadetan sektore publikoak eta zerbitzu publikoak atzerakada nabarmena sufritu dute Euskal Herrian. Osatu, indartu eta garatzetik urrun; gutxitu, murriztu eta pribatizatze bidea jorratu dute gobernu ezberdinek.

Krisia sortu zutenetik egoera honek hobera egin beharrean, nabarmen egin du okerrera. Krisi egoerak eskatzen duenaren kontrako norantzan, zerbitzu publikoen beharra eta premia duten geroz eta pertsona gehiago dagoenez, zerbitzu hauek indartu eta garatu beharrean, langabezia geroz eta handiagoa den honetan enplegu publikoa sendotu eta handitu beharrean; zerbitzu publikoak murrizten, jende asko zerbitzu eta laguntzarik gabe uzten eta enplegu publikoa suntsitzen eta lan baldintzak okertzen ari dira gure arduradun politikoak.

2010eko maiatzean harturiko neurri larriak bere horretan diraute eta orain lan-eskubide eta baldintzetan murrizketa handiagoak inposatu nahi ditu Eusko Jaurlaritzak, azken Mahai Orokorreko bileretan garbi utzi nahi izan duen moduan.

  • Soldatak murriztuta eta bere horretan izoztuta mantendu nahi dituzte Estatuko Aurrekontuetatik etor daitezken murrizketak aplikatzeko atea irekiz (euskal negoziazio esparruarekiko errespetu ezaren seinale garbia).
  • Baja hartzen duten langileei soldata osagarria kentzea proposatzen dute.
  • Errelebo kontratua etetea.
  • Borondateko erretirorako sariak etetea.
  • 65 urtez gero lanean jarraitzeko aukera etetea, erretiratzen direnen lanpostuak lehenbailehen desegiteko.
  • Ordezkapenetarako azken urte eta erdian inposaturiko atzeratzeak edo ez betetzeak mantentzea.
  • Azken negoziazio mahaian itxuran erretiratu arren, karrera profesional moduan jasotako soldata igoerak mugatzea.
  • Eta atea irekia uzten du hemendik aurrera Madriletik etor daitezkeen murrizketa handiagoak bere horretan inposatzeko.

 Eta guzti hau, murrizketa hauek guztiak, egun dagoen enplegu mailari eusteko ezinbesteko neurritzat azaltzen dituzte, beste erremediorik ez balego bezala eta sindikatuoi txantaje eginez: edo murrizketa hauek onartzen dituzue edo langileak – interinoak – kaleratuko ditugu. Proposatzen dituzten neurriak, aldiz, ez dira enplegu mailari eusteko neurriak enplegua suntsitzekoak baizik: errelebo kontratua, erretiro aurreratua berrikusi nahi baitituzte. Gu ez gara txantaje honetan eroriko, are gehiago, onartezina deritzogu negoziazioa termino hauetan planteatzea.

Honetaz gain esan egin behar da aurrekontuetan Hezkuntza, Osasun eta Gizarte Zerbitzuetan diru gutxiago inbertituko dela, %0,5, % 0,9 eta % 1,7 gutxiago alegia, zerbitzu publikoen murrizketa inposatuz.

Hemen gauden ELA, LAB eta STEE-EILAS sindikatuak guztiz onartezintzat jotzen ditugu Eusko Jaurlaritzak sektore publikoko eta honi zuzenean loturiko hainbat arlotako langileoi inposatu nahi dizkigun murrizketa neurri hauek. Eraso berri honek, beste behin ere, larriki eragiten die zerbitzu publikoei, bertan diharduten langileei eta kalitatezko zerbitzuen helburu den jendarte osoari.

Eusko Jaurlaritzari exijitzen diogu neurri hauek guztiak erretira ditzala eta murrizketen politika behin betiko bazter dezala, zerbitzu publikoak sendotu eta garatzeko pauso garbiak emanez. Euskal Herriko jendarteak, are gehiago krisia egoera honetan, kalitatezko zerbitzu publiko zabalak behar ditu eta horretarako funtsezkoa da egungo egoeratik abiatuta langile eta baliabide gehiago bideratzea bertara. Hau honela, enplegu publikoa eta zerbitzu publiko ezberdinetako langileak erasotzeari utzi eta murrizturiko soldata, lan-baldintza eta eskubideak berrezartzearekin batera, enplegu publikoa sustatzea eskatzen diogu Eusko Jaurlaritzari, izan ere, funtsezkoa baita zerbitzuak garatzeko eta krisiari aurre egiteko.

Honetarako, aurrekontuetan murrizketak aplikatu beharrean zerbitzu publikoetarako inbertsioa handitzea ezinbestekoa da (Europako herrialderik aurreratuenetan dauden garapen sozial parametroetaraino helduz gutxienik) eta bide horretan nahitaezkoa eta justiziazkoa da zerga politikan erabateko aldaketa ematea.

Azkenik, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu euskaldunok gure lan eta bizi baldintzak Euskal Herrian erabakitzeko dugun eskubidea errespeta eta balio arazi dezala, Madrilen har daitezkeen erabakien menpe egon beharrean. Euskal Herriko langileek eta gizarteak erabaki behar dute nolako funtzio publiko eta zerbitzu publikoak nahi dituzten.

Hau guztia salatu eta eman beharreko aldaketak eskatzeko, zerbitzu publikoetako langileak mobilizatzera deitzen ditugu. Mobilizazio hauei hasiera emateko hurrengo asteetan lan zentroetan batzarrak eta elkarretaratzeak deituko ditugu, urtarrilaren 26ean manifestazioak Gasteiz, Donostia eta Bilbon eta otsailaren 9an 4 orduko lanuztea eta manifestazioak EAEko hiru lurraldeetan.