Zerbitzua eta lan-baldintzak kaltetuta anbulantzien hitzarmenean

2014/10/21
Anbulantzien esleipena erabakiko duena, preziorik merkeena da, ez zerbitzuaren kalitatea, jarduera honetan hori edozein pertsonarentzat hil ala bizikoa den arren (osasunarekin zerikusia duen larrialdi zerbitzuak eskaintzen duen arreta, alegia).

Joseba Villarreal, negoziazio kolektiboko arduraduna, eta Marikruz Elkoro, Zerbitzuak federazioko antolakuntza arduradunak anbulantzien esleipenerako Eusko Jaurlaritzak ezarri dituen baldintzak azaldu dituzte Bilbon.

2013ko uztailera arte irabazi asmorik gabeko bi elkartek, DYAk eta Gurutze Gorriak, kudeatzen zuten Bizkaiko Larrialdietako Garraio Sanitarioko Sarearen zati bat, 24 bat baserekin. Baseak erakunde hauei hitzarmen edo kontratu txikien bidez esleitzen zitzaizkien. Kontratu Publikoen Legeak dioenez, kontratu txikiak egin daitezke, beti ere balioa 50.000 eurotik gorakoa ez bada obren kasuan, eta 18.000 eurotik gorakoa, gainerako sektore edo zerbitzuei dagokienez.

2012an Osasun sailak esan zuen ezin zela era honetako hitzarmen edo kontraturik egin, ordurarte Gurutze Gorriarekin eta DYArekin egin izan zen moduan. Ez zuen horretarako arrazoi legalik; haatik, base kopurua gehitu nahi zuen, kontratuaren balioa handitzeko; ondorioa kontratu txikientzako mugak gainditzea zen.

 

2012ko azaroan lehiaketan eskaini ziren larrialdi sareko base gehienak Ambuibérica enpresari esleitu zitzaizkion, eskaintza ekonomikorik merkeena egin zuelako.

Ambuibérica enpresaren akzioen %85a Proa Capital izeneko arrisku-kapitaleko firmaren esku dago (hain zuzen, beronek erosi zuen duela gutxi Ibermatica).

Ambuibérica sektorean sartu denetik baldintza-agirietako baldintzak sarri urratu ditu. Egoera hau auzitegietan salatu zen, baita publikoki ere: langileen kaleratzea, soldata eta esperientzia txikiagoa zuten beste batzuk ordezkarren; Lan-Ikuskaritzari eta Osasun sailari egindako salaketak anbulantzietan materiala falta zelako; garbitasun eta desinfektatzeko produktuen gabezia; GPS eta maparik gabeko anbulantziak; aparkatzeko ibirik ez duten baseak, edozein ibilgailuk irteera oztopatzeko dakarren arriskuarekin... Kontutan izan behar da ezinbestekoa dela larrialdi zerbitzuan berehala eta albait arinen erantzutea. Halere, egindako salaketak eta Osasun sailarekin izandako bilerak gorabehera, administrazioak ez du inola ere kontrolatzeko bere eginkizuna aintzat hartu.

Sektore honetan negoziazio kolektiboko gatazka ugari gertatu da, sarri baldintza-agirietan zeuden akatsak medio, eta lehiaketak batzutan zerbitzuaren kostu azpitik erabaki direlako, kontu-hartzaileek halako ebazpenen aurkako txostena emanagatik ere, arinkeriatzat jotzen zituztelako (hau itunpeko sarearen esleipena zela eta gertatu zen). 2014ko greba amaitu zuen laudoan bitartekariak berak zioenez, esleipena ez zen modu egokian egin; jatorriko akats batek eragiten zuen “kalteak banatu beharra”. Ondorioa sektoreko langileen soldatak jaistea izan zen.

GAURKO EGOERA

2014ko irailean Bizkaiko larrialdietarako anbulantzien sarea, Gipuzkoako zati bat eta Arabako base bat lizitatu ziren. Gure ustez, baldintza-agirian eskatzen diren eskakizunetatik bi ondorio atera daitezke:

  • Garrantzitsuena, esleipena erabakiko duena, preziorik merkeena da, ez zerbitzuaren kalitatea, jarduera honetan hori edozein pertsonarentzat hil ala bizikoa den arren (osasunarekin zerikusia duen larrialdi zerbitzuak eskaintzen duen arreta, alegia).

  • Pentsa liteke eskakizun jakin batzuk ezartzen dituen baldintza-agiriaren xedea zerbitzua enpresa konkretu batzuri esleitzea dela.

Lehen ondoriora eskaintzak balioesteko irizpidetik iritsi gara: prezioari -eskaintzarik merkeenari- 100 puntutik 53 ematen zaizkio, eta hau da erabakigarria. Horrek enpresak beheranzko eskaintza espiral batera eramaten ditu, zerbitzuaren kalitatearen eta lan-baldintzen kaltetan.

Beste irizpide batzuk honela saritzen dira:

  • 7 puntu: larrialdi dei bati erantzuteko denbora

  • 3 puntu: erabiltzaileari ematen zaion zerbitzu eta arreta

  • 2 puntu: laneko protokolo eta prozedurak

  • 2 puntu: langileen prestakunde iraunkorreko plana

Beraz, argi dago zerbitzuaren kalitateari eta bera emateko moduari buruz puntu oso urriak ematen zaizkiola; berriro nabarmendu behar da larrialdi zerbitzu batez ari garela.

Bigarren ondoriora -baldintzak enpresa jakin batzuk lehenesteko ezartzen direlako susmoa- baseak bat ere logikarik gabe sailka batzeko erabili den irizpideak garamatza, ez baitiote irizpide geografiko edo objektiboei jarraitzen, ezta Osakidetzaren antolakuntzari ere. Areago, zerbitzua bera eragotzi dezake, inguru geografiko berean gertatutako istripu batera anbulantzia bat baino gehiago ager bailiteke, baseak enpresa desberdinei esleituz gero.

Esleipena lau sailetan egiteak (Araba eta Gipuzkoarako 6 baserekin, eta 3 Bizkairako, guztira 25 baserekin), eta ez aurreko aldietan bezala, baseak banaka erabakiz, honako ondorioak ditu:

  • Larrialdietako anbulantzien lehiaketan parte hartu nahi duen edozein enpresa “berri” behartuta dago hasierako inbertsio handiago bat egitera, lokal eta ibilgailu gehiago eskuratu eta prestatu behar baitu parte hartzeko. Horrek esan nahi du sektoreko enpresa txikiak baztertuta gera litezkeela.

    Esleipena basez base eginez gero, edota irizpide geografiko bat aintzat hartuz bizpahiru basez osatutako sailka, enpresa interesatuek (baita txikiek ere) dagoeneko baseak dituzten sailetan, edo beregana litzaketen sailetan, egin ahal izango lukete eskaintza, horrela inbertsio kostuak murriztuz eta baldintza hobeetan parte hartzeko moduan izango liratekeelarik.

  • Sailak egiteko moduagatik Ambuibérica enpresak egin beharko luke inbertsiorik txikiena (Bizkaiko) sail bakoitzerako lokalak eskuratu eta prestatzeko, orain lote bakoitzean base kopururik handiena baitauka honez gero, batik bat 4. eta 2. sailean.

LEHIAKIDEENTZAKO BALDINTZAK

Klausula administratibo berezien pleguak 28.2 artikuluan lehiakideek bete beharreko kaudimen ekonomiko eta teknikoari buruzko eskakizun batzuk ezartzen ditu, esaterako, azken hiru urteetan negozio-kopuru jakin bat iristea, edota azken bost urteetako gutxieneko fakturazio maila.

Honek pentsa araz dezake Osasun sailaren helburua zerbitzua enpresa handi jakin batzuren esku uztea dela, orain arte jardunean ziren irabazi asmorik gabeko erakundeak merkatutik baztertuz.

 

 

ONDORIOAK

  • Oinarrien arabera kaltedun nabarmen batzuk daude: ematen den zerbitzua eta lan-baldintzak.

  • Baseak esleitu ordez sailka erabakitzea enpresa jakin batzuren onerako egiten da, eta baztertu egiten dira irabazi asmorik gabeko erakundeak.

  • Osasun sailak badu salatu dugun guztiaren berri, baina entzungor egiten die salaketei.