Zerbitzua murrizteak egoiliarren segurtasuna arriskuan jartzen duela salatu dute Jose Maria Azkuna egoitzako garbitzaileek

2021/05/20
Zornotzako Jose Maria Azkuna egoitzako garbitzaileak beste greba egun bat egiten ari dira, Clymagrup enpresak eta zuzendaritzak adinekoen zentro horretako garbiketa zerbitzuan ezarritako aldaketa larriak salatzeko; izan ere, arriskuan jartzen ari dira egoiliarren segurtasuna eta zerbitzuaren egonkortasuna. Langileek, halaber, zentroko zuzendaritzak eta garbiketa-enpresak salaketei emandako erantzuna kritikatu dute: pandemia-garaian garbiketa-zerbitzua indartu ordez, murriztu egiten dute, eta langileak beldurtzen saiatzen dira kaleratzeen eta lanaldi-murrizketen bidez.

Pandemiaren aurretik, egoitza hori garbitzeko zerbitzua gero eta funtzio gehiago hartzen ari zen, eta murrizketak izaten zituen haietan emandako denboran. Horrek eragin zuzena zuen zerbitzuaren kalitatean eta egoiliarren arretan. Lan-kargak hain dira altuak, ezen 24 segundo baitituzte metro koadro bakoitza garbitzeko, eta horiei denbora kendu behar zaie egoiliarren gorabeherak, gela-aldaketengatiko desinfektatze eta garbiketa orokorrak eta Covid-19aren aurkako neurriak (heldulekuak desinfektatzea, etengailuak, felpudoak, aireztapena eta abar) artatzeko. Egoera hori larriagotu egin da pandemian; izan ere, ez da kontratazio berririk egin, ezta lanaldia luzatu ere, aparteko lan-kargari aurre egin ahal izateko.

Gauzak horrela, Zornotzako Jose Maria Azkuna egoitzako garbitzaileek hainbat greba eta mobilizazio egin zituzten azaroaren 17an, urtarrilaren 26an eta martxoaren 4an, zerbitzua publiko egiteko eskatuz, eta, aldi berean, auzitegien aurrean salatu zituzten enpresak eskatzen zizkien funtzio berriak; salaketa hori onartu egin zen.

Hala ere, adinekoentzako zentro horren garbiketa-zerbitzua indartu ordez, Clymagrup langileak beldurtzen saiatzen da, lanaldi osoko bi langile kaleratuz eta gainerako langile guztien ordutegia murriztuz. Horrek esan nahi du astean 130 ordu eta 33 minutu gutxiago garbitu behar direla, 2015ean egoitzak plegu bidez eskatzen zuena baino 104 ordu eta 33 minutu gutxiago.

ELAren ustez, murrizketa berri hori onartezina da bai langileentzat bai erabiltzaileentzat, ezinezkoa baita kalitatezko garbiketa-zerbitzua bermatzea, eta horrek ondorio larriak ekar litzake zaharren eta haien hurbilekoen segurtasunean.