Igor Eizagirre Zerbitzuak Federazioko idazkari nagusia berriro ere

2009/11/26
Igor Eizagirre Zerbitzuak Federazioko idazkari nagusia izanez jarraituko du. Hala erabaki du 6. Batzarrak Iruñean, bozken %96,63arekin.

ELA-Zerbitzuak bere 6. batzarra egin du Iruñan, 'Antolatuz, borrokatu' leloarekin. Bertan parte hartu duten 180 ordezkariek ponentzia eztabaidatu, bozkatu eta Batzorde Iraunkor berria aukeratu dute.

Hazten ari den federazioa da. Azken kongresuko datuekin konparatuta 2.755 afiliatu gehiago dira; %12,32a hazi da, hain zuzen. Hauteskundeetan ere gora egin du nabarmen; %1,04.
Igor Eizagirre, idazkari nagusiak datozen urteotako federazioak dituen erronkak aipatzerakoan prekarietate eta diskriminazioarekin amaitzea nabarmendu ditu. 

Era honetan, langileok gure lan baldintzak hobetzeko dugun zutabe nagusia negoziazio kolektiboa dela adierazi du. “Datozen urteetan negoziazio esparru berriak zabaldu behar ditugu, eta egun zabalduta daudenetan sindikalizazioan sakondu. Sektoreko azken langileraino heldu behar gara. Ez da erraza, noski. Gure federazioan oso sektore prekarioak eta sakabanatuak daude, baina ezinbesteko erronka da”.

Helburu hauek lortzeko tresna eraginkorrena negoziazio kolektiboa dela azpimarratu du. "Datozen urteetarako helburu eta asmo ugari ditugu: hitzarmen sektorialen hobetzea; Estatu mailako sektoreetan lan esparruak irekitzea, Estatu mailako hitzarmenak prekarioak direlako; Kontsumorako Prezioen Indizearen gainetik nabarmen egongo diren soldata igoerak eskatzean -800 euro kobratzen dituen langile bati KPIari lotutako soldata igoerak eskatzea burla egitea da-; langileok jai egunetan atseden hartzeko duten eskubidearen defentsan ere gogor borrokatuko dugu; lan osasunean ere urratsak eman behar ditugu; negoziazio esparru berrien irekierari eutsi behar diogu..."