Osakidetza
Zerbitzuen egoera, negoziazio mahaiaren blokeoa eta LEPen eskandalua salatzeko txistualdia egin dute sindikatuek

EAEko osasun zerbitzu publikoak “fronte gehiegi” irekita izatea eta bat bera ere ez konpontzeko gaitasunik ez edukitzea kritikatu dute sindikatuek gaur. Arazorik eta behinena, batekin hastearren, LEPekin sortutako kaosa da: langileak azterketa berri batera aurkeztu behar dira, aurrekoa oraindik ebatzi ez dutenean. “Ohiz kanpoko baldintza horietan LEP berri bat prestatzea ahalegin handia da; ondorio ekonomikoak ditu eta bizitza pertsonalean eragiten du”, salatu dute. 2018-19ko lan-eskaintza publikoaren ebazpena bizkortzeko beharrezkoak diren giza baliabideak eta baliabide materialak jartzea eskatu dute horregatik.
Urkullu lehendakariak eta Sagardui sailburuak kontrakoa dioten arren, EAEko osasun zerbitzu publikoa desegiten ari dela salatu dute sindikatuek. Zerrendatutako arazoen artean daude %50 etik gorako behin-behinekotasun tasa, erosteko ahalmenaren % 20tik gorako galera, gainkarga, ordezkapenik eza eta Lanbide Garapenean aplikatu nahi den murrizketa erradikala.
Lehen mailako arreta, egoera larrian
Zenbait zerbitzutan aplikatutako murrizketei eusten zaiela salatu dute sindikatuek ere, eta Lehen Mailako Arretaren egoera bereziki prekarioa azpimarratu dute. Zerbitzuko saturazioak zuzenean eragiten dio beste asistentzia-maila batzuei, hala nola Ospitaleko larrialdiei, horietan gero eta gainkarga handiagoa baitago, salatu dutenez.
Deialdia egin duten sindikatuentzat, Osakidetzak fronte gehiegi ditu irekita eta, ondorioz, mahai sektoriala blokeatuta dauka, nahiz eta Gobernua elkarrizketaren plantak egiten ari den.
Gaurko protesta mobilizazio kanpaina baten testuinguruan kokatzen da eta, sindikatuek gogorarazi bezala, otsailaren 25ean Bilbon, Donostian eta Gasteizen osasun publikoa desegitearen aurka egingo diren hiru manifestazio handietan parte hartzera deitu dituzte herritar eta profesionalak.