Zerga-bilketa: gutxi eta baldar

2017/10/05
ELAk Sozietateen Gaineko Zergan gertatzen den iruzurra salatu du berriz ere. Sindikatuak bildutako datuei erreparatuta, Sozietateen Gaineko Zergari dagokionez, enpesen %78,1k baieztatzen du galerak dituela edota urtean 6.000 euro baino gutxiago irabazten dituela. ELAren ustez, horrek argi uzten du soldatatik eratorritakoak ez diren errentetan dagoen iruzur fiskala.

ELAk Sozietateen Gaineko Zergan gertatzen den iruzurra salatu du, EAEko fiskalitateari buruko urteroko txostena aurkezteko eskainitako prentsaurrekoan. Zerga honetan gertatzen den iruzurraz jabetzeko adierazgarria den datu bat helarazi du ELAk: sozietateen erdiak eta gehiagok galerak aitortzen dituzte, eta ordaintzen duten enpresa eta sozietateen %78,1ak, galerak edota 6.000 eurotik beherako etekinak. Datu horiek esku artean, ELAk gogor salatzen du Eusko Jaurlaritzak Sozietateen Gaineko Zerga jaitsi nahi izatea. “Zenbait komunikabidetan desinformazio handia dago, baina errealitatea oso bestelakoa da: euskal erakundeek patronalen interesak defendatzen dituzte”, ondorioztatu du Muñozek.

ELAko idazkari nagusi, Adolfo “Txiki” Muñoz eta Azterketa Bulegoko arduradun Mikel Novalek EAEko urteko fiskalitateari buruzko txostena aurkeztu dute gaur. Txostenean adierazten den bezala, EAEko presio fiskala Europar Batasuneko fiskalitatearen atzetik kokatzen da. Are gehiago, Espainiar estatukoa baino baxuagoa da. Presio fiskala lurraldeka aztertuta, EAEn 2015ean BPGaren %31,4ean zegoen, hots, batez besteko maila europarra baino 7,3 puntu beherago. Horrek esan nahi du EB-28ko presio fiskal bera izan balitz, berton 5.052,8 milioi euro gehiago bilduko zirela.

Azken urteetan injustizia fiskala areagotu egin da. Batetik, zuzeneko zergetan lan-errentei askoz karga handiagoa leporatzen zaielako enpresa- eta kapital-errentei baino; bestetik, aldea urtez urte handiagoa delako. EAEn lan-errentek ordaintzen dituzten zergak 2007tik hona %13,8 hazi dira; enpresa- eta kapital-errentenak, berriz, %44,3 erori dira. Deigarria da Sozietateen Zergan gertatu den jaitsiera: 2007an 2.034 milioi bildu ziren, eta 2016an, 1.002.

Lan-errentek PFEZean aitortzen diren errenten %92,2 osatzen dute. Zerga honetan lan-errentek aitortutako batez besteko sarrerak 26.509 euro dira, hau da, enpresa- eta lanbide-jarduerak dituztenen ia bikoitza (13.634 euro). Aldea azken urteetan handitu egin da.

Sozietateen Zergako benetako tasa (hots, aitortutako etekinen zein zati ordaintzen den zergan) %16,2koa da, tasa nominala baino askoz txikiagoa. Euskal araudiaren baitan zergak ordaintzen dituzten enpresek estatuko araudiaren pean daudenek baino tasa txikiagoa dute.

Aurretik esandakoa kontuan hartuta, Muñozek gogor kritikatu ditu Urkulluren adierazpenak. Izan ere, Lehendakariak aditzera eman du fiskalitateari buruzko eztabaida publikoa kaltegarria izango litzatekeela. Zentzu horretan, Muñozek baieztatu du ELAk tinko jarraituko duela fiskalitateari buruzko eztabaida irekia bultzatzen.

ELAko idazkari nagusiak adierazi duenez, EAJk enpresaburuei zergak jaisteko erabiltzen duen argudioa, Donald Trumpek eta Emmanuele Macronek erabiltzen dituzten argudio berdinak dira. “Gezur hutsa da esaten dutena, gizartearen kalterako izango den politika fiskala defendatu besterik ez dute egin nahi, betiere, patronalaren interesi begira”.

Fiskalitateari buruzko txostena osorik