BIO-INSTITUTUAK
Zientzia legearen aplikazioa eskatu diote Osasun Sailburuari soldatak Osakidetzarekin parekatzeko

Bio-Institutuetako langileek oraingoz legearen aplikazio soila eskatzen dute, ez besterik. Hitzarmen Kolektiboa negoziatzeko mahai irekita dago eta hor legeak jasotakoa betetzeaz gain langileei dagozkien lan-baldintza duinak eskatzen dituzte. Eta Zientzia Legearen aplikazioaren eskaera honen aurrean Bio-Institutuetako Zuzendaritzek diruaren kezka azaldu dute, baina Euskadin goi-mailako ikerketa nahi bada ezin da ikerlarien lan-baldintza prekarioen kontura izan. Alegia, goi-mailako ikerlariak behar dira, goi-mailako egoitzekin eta nola ez goi-mailako lan-baldintzekin. Ikerkuntzako prekaritatearekin behingoz amaitu beharra dago eta horretarako lehen urratsa Zientzia Legearen aplikazioa da.
Gaur egungo zientzia sistemak eta ikerketara bideratzen diren diru-laguntzak ez dituzte Zientzia Legeak eskaturiko gutxienekoak betetzen eta hau arazo bat da prekaritatearekin amaitzeko. Egungo ikerketaren errealitatea da ikerlariaren zeregin garrantzitsuenetako bat finantza bideak aurkitzea dela. Ikerketa talde bakoitzak kudeatu behar dituelarik finantza bideak eta askotan diru hau ikerketa proiektu eta beka pertsonaletatik etortzen da, eta askotan beka hauek Zientzia Legearen gutxienekora ere ez dira iristen, beste behin ere honek prekaritatea ekarriz ikerketaren mundura. Hau horrela, erakundeen laguntza ere ezinbestekoa izango da ikerketa duintzeko bide honetan.