Solidus San Andres - Atarrabia

zigor irmoa jaso du greban dauden langileak ordezkatzeagatik

2025/03/21
Epaitegiak berretsi du ELAren salaketa osoa, eta orain afiliatuak greba-deskontuak berreskuratzeko bidea irekiko du sindikatuak.

Iruñeko Lan Arloko Epaitegiak irmotzat jo du Solidus San Andrés (Atarrabia) enpresaren aurkako zigorra, ELAren afiliatuen grebarako eskubidea urratzeagatik, 2022ko amaieran izandako lan gatazka baten testuinguruan. Epai horretan, epaitegiak 15.000 euroko kalte ordainak finkatzen ditu, eta ELAk bide hori erabiliko du hogei bat afiliaturi nominen greba deskontu ekonomikoa itzultzeko eskatzeko. Gaineratu behar da aurretik Solidus San Andresi 3.750 euroko isuna jarri ziola Lan Ikuskaritzak arrazoi beragatik.

Zehazki, epaitegiak frogatutzat jo du enpresak plantillako beste pertsona batzuk erabili zituela greban dauden langileak legez kanpo ordezkatzeko, eta zeregin horretan LABeko ordezkari bat aritu zen, epaian eta Lan Ikuskaritzaren txostenetan jasota dagoen bezala. Gogoratu behar da ELAk bakarrik deitu zituela greba egunak, eta enpresa batzordeko gainerako kideek (LAB eta independenteak) enpresaren interesekin bat egin zutela.