Zorionak guztioi!

Nazio Batzordearen izenean gure zorionak opa nahi dizkiet gure sindikatuko militanteei egin duten lanagatik. Eurei eta beren konpromisoari zor zaio greba orokor honen emaitza. Gizartea mugitzea zein zaila den dakigunoi -esperientzia kontu bat da- berehala datorkigu gogora atzokoa -lanuztea eta manifestazioak- arrakasta handia izan zirela; noski, honek ez du kentzen antolakuntzan errealitate desberdinak ditugunik.
Irailaren hasieran eskualde mailako batzarrak egin genituen, eta greba orokorraren erronka zaila izanagatik, gure militanteen artean inork ez zuen zalantzan jartzen beharrezkoa zenik. Gure oinarri militantea lan hori egiteko prest dago, jabetu baita mobilizazio sindikal eta sozialik gabe ez dela ezer aldatuko. Gero etorri ziren enpresetako asanbleak, gizarte-mugimenduekiko eta auzoetako lana, propaganda banaketa... Dena izan da erabilgarri, eta denetatik ikasi dugu zerbait.
Noski, zailtasun ugari topatu dugu bidean; egoera honetan handiena, jendea beldurtuta dagoela. Sistema gero eta bidegabeago honek izua hedatzen du, pentsamendua eta banakako zein kolektiboaren ekintza eragozteko; beldur hori lantokietan agertzen da, kosta egiten baita aurrera egin eta aurpegia ematea. CONFEBASKeko idazkari nagusiak atzo ETBn eskertu egin zuen “langileek erantzukizunez jokatu zutela beren kupula sindikalei” ez omen zietelako jarraitu. Zinismo hutsa! Badaki andere horrek piketerik eragingarriena patronalak daukana dela (areago, azken erreforma laboralaz gero). Horrek guztiak are balio handiagoa ematen dio egiten ari garenari. Lortu dugu paralizatzen duen izu horrek arrastaka eraman ez gaitzan, eta erreferentzia argi bat ere ezarri dugu: borroka eta mobilizazioa da gizatasunik gabeko politika hau aldarazteko modu bakarra.
Egin ditugun bost greben artean bigarren handiena izan da atzokoa; manifestazioak ere, arratsaldekoak barne, martxoaren 29koen antzekoak edo handiagoak.
Zorion agurrarekin batera beste zerbait ere esan behar da. Gauza asko aldatu dira, oso epe laburrean. Oinarri militante egituratua duten erakundeek, soilik hauek, izango dute lan alternatiboan erabilgarri izateko aukera. Honek, noski, ELAn ere eragiten digu. Gure jendearengan ikusten den kontzientzia sozial eta politiko areagotu hori antolakuntza gero eta sendoago bihurtu behar dugu, esparru guztietan. Hori baita oraindik oinarria: antolakuntza lana.
Jaso agur solidarioa,
Adolfo Muñoz Txiki