ZTEko langileen greba, enpleguaren defentsan eta haien lan-baldintza prekarioen aurka

Duela aste batzuk, enpresak antolaketa-aldaketak iragarri zituen, eta, horren ondorioz, kaleratzeak egin dituzte eta lanak Gijongo egoitzara eraman dituzte. ELAren iritziz, zuzendaritzak jauzi egin du lanaren deslokalizazioan, eta prekarietatean sakondu du. Soldata baxuak eta kontratuen ezegonkortasuna izan dira nagusi azken urteotan, eta orain outsourcing edo ABLE enpresen bidez hasi dira kontratatzen.
2014an Euskaltelek instalazio-zerbitzua eta sarearen mantentze-lanak kanpora atera zituenez, 130 pertsona inguru kaleratu zituzten Euskalteletik eta ZTE Managed Services Southern Europe enpresako langile bihurtu ziren. Ordutik, lan-baldintzen prekarietatea hedatu egin da.
Duela urte eta erdi ELAk enpresa-hitzarmen bat sustatu zuen EAEn. Orduz geroztik, enpresak ez du langileen egoera hobetzeko asmorik erakutsi. Egoeraz nazkatuta eta etorkizunaz kezkatuta, enpresarekiko errespetua eta Euskaltelekiko eta Eusko Jaurlaritzarekiko erantzukizuna eskatu dute grebalariek.
Langileek ez dute ahaztu duela 7 urte Euskalteletik kaleratu zituztela. Garai hartan, Eusko Jaurlaritzak uste zuen Euskaltelek onurak hobetsi zituela, gizarteari kalitatezko zerbitzua eman beharrean. Horregatik, orain Eusko Jaurlaritzari galdetu diote zein den defendatzen duten lan-harremanaren eredua.