Zumaiako San Juan egoitzako langileek garaipena lortu dute hamaika greba egunen ostean

Abenduaren 12an hasitako greba mugagabea aurretiaz egindako antolakuntza lanaren ondorioa izan da. Erresidentziako langile, herriko eragile sozial, talde feminista eta senideek elkarlanean irabazitako borroka izan da. ELAk langileen ahalduntze prozesu eredugarria txalotu nahi du eta sektorearen publifikazio eta dignifikazioan izango duen oihartzunagatik eskertu nahi ditu parte hartzaileak.
Esker oneko hitzak ere ditu sindikatuak greba honi babesa adierazi dioten herriko pentsiodunen mugimenduko kideei, gainerako mugimendu sozial guztiei, egoitzako egoiliarrei eta beren senideei. Eta bereziki, eskerrik beroenak eman nahi dizkio ELAk Gipuzkoako erresidentzietako gainerako langileei, San Juan egoitzako langileei sekulako babesa eta indarra eman dietelako.
Aurrerantzean ere elkarlanean aritzeko deia luzatzen du ELAk, bestelako hobekuntzak lortzeko lanean jarraituko baitu sindikatuak.