Zumaiako San Juan zahar etxeko grebalariek manifestazioa egin dute Donostian

2022/12/16
Eraikinaren egoera tamalgarria eta lan baldintza eskasak salatzen dituzte, beste erresidentzietako ELAko ordezkarien babesarekin. Greba mugagabean daude abenduaren 12tik, enpresak 2,7 milioiko mozkinak izan baditu ere soldatak 2016tik izoztuta mantendu dituelako. Foru Aldundiak, bitartean, konpondutzat ematen du gatazka.

Zumaiako egoitzak titularitate publikoa duen arren, 52 langileak, zuzendaritza barne, Zaintzen S.A. enpresakoak dira. Eta Zaintze S.A. nazioarteko Clece enpresaren parte da.

Langileen hitzarmena 2016tik dago berritu gabe eta ez dute inongo soldata igoerarik izan. Urte horietan, %11ko erosahalmena galdu dute eta maskulinizatuta eta azpikontratatuta dauden beste zerbitzu publikoekin alderatuz 6.000 euro gutxiago kobratzen dituzte urtean. Bitartean, 2019tik 2021era, Zaintzenek, diru publikoa kudeatuz, 2,7 milioiko irabazi garbiak izan zituen.

Gipuzkoako erresidentzietako hitzarmena berritua izan dadin 262 greba egun egin dituzte dagoeneko langileek. Gogoratu behar da, gainera, azken bi urteetan erresidentzietako langileen lan karga handitu eta arazo fisiko eta psikologikoak izugarri areagotu zituen pandemia izan dela.

Lan baldintza eskas horiek egoitzan ematen den zerbitzuaren kalitatea jaistea dakarte eta kezkatuta dago lan taldea. Murrizketak egon dira plantillan, elikagai fresko gutxiago dituzte sukaldean eta eraikinean egin beharreko konponketak ez dira egiten ari.

Eraikina, egoera arriskutsuan

Teilatu eta terraza zatiak erori dira azken hilabeteetan eta, euria egiten duenean, ura sartzen da eraikinean. Labezomorroak daude, gainera, baina hiru urte dira behar bezain beste ez dutela eraikina fumigatzen. Guzti honek langile eta egoiliarrentzat arriskuak dakartza.

Foru Aldundiak gatazka konpondutzat ematen badu ere, langileek lan eremu seguruagoa, plantilla handiagoa eta hitzarmen duin bat sinatzea eskatzen jarraitzen dute. Horregatik, ELAk dei egiten dio Gobernuari diru publikoaren kontrol ezarekin amaitu dezan eta langileen lan baldintzak hobetu ditzan eta egoiliarren bizi kalitatea hobetuko duen zerbitzuetara bideratzeko pausuak eman ditzan.