Zumarragako Arcelor Mittalek irabaziak izan ditu

2016/04/27
ELAk argitaratu duen txosten baten arabera, Arcelor Mittalek Zumarragan duen lantokiak irabaziak eman ditu azken urteotan. Aldiz, enpresaren zuzendaritzak lantegiaren inguruko datuak ezkutatu egin ditu negoziazio-mahaian, gezurrak bata bestearen ondotik jaurtiz. Arcelor Mittalek helburu bakarra irabaziak gehitzea da eta horretarako lotsagabe ari da produzkio eta merkatuaren egoerari buruzko argudio faltsuak erabiltzen.

ELAko Industria eta Eraikuntza Federazioko (IEF) arduradunek eta Zumarragako Arcelor Mittal lantegiko ordezkariek sindikatu honek negoziazio-mahaian aurkeztutako txostenaren berri eman dute gaur goizean Donostian. ELAk gezurtatu egin du lantegia irekita mantenduz gero galera handiak izango dituenik. ELAren aburuz produktibitatea, antolakuntza edo lana ez dira arazoa. Orain arte lana normaltasunez egin izan da, eta lan-karga modu egokian bete izan dute Zumarragako langileek. Lehiakortasuna ere ezin da ixteko aitzakiatzat hartu: Arcelor Mittal Gipuzkoan lantegiko fakturazioa askoz handiagoa da estatuko beste lantegien aldean.

Erabakia arrazoitzeko behin eta berriz aipatzen da eskari urria, baina negozio kopurua, enpresari eta taldeko enpresei dagokienez, ez da murriztu; beraz, zio produktiboa aipatzeak ez dauka oinarririk.

ELA egindako txostenak dioenez, benetan ez dago produkzioan eragindako egoera larririk; gorabehera sortzen da enpresaren erabaki bat medio, eta honek Zumarragako lantegiko enpleguari eragiten dio; produkzio arazorik ez dago, beste lantegi batera eramango baitute bertokoa. Horrenbestez, ez dago eskarien edota fakturazioaren jaitsierarik enpresa mailan.

ELAk adierazi du ez duela baztertzen auzitara jotzea; legeak agintzen duen bezala, kontsulta epea amaitu arte itxarongo du erabakia hartzeko. Gezurrak bata bestearen atzetik bota ditu Arcelorrek, eta hori salatu beharra dagoela azpimarratu dute sindikatuko ordezkariak. Bien bitartean mobilizazioekin jarraituko dutela azpimarratu dute.