Zumarragako itxierak eragindako presioari Jaurlaritzak propagandarekin erantzuten dio

Enpresa-batzordeari aurkeztutako agiriak hiru atal ditu:
-
Lehenengoan ezdeusa izan den “altzairuaren mahaia” deitzera eraman zuen neurriak biltzen dira (Txinako dumping-a, argindarraren tarifa...).
-
Bigarrenean oso azaletik aipatzen dira ekoizpenaren inguruko hainbat osagai, baina administrazioak berak aitortzen duenez hauek alferrik saiatu ziren 2015eko irailean.
-
Hirugarren atalean irteerak bultzatzeko pizgarriak, erretiro aurreratuak, etab. jasotzen dira, hots, defenditzen omen duten enplegu industriala mantentzearen kontrako kontuak.
Planaren edukirik eza eta Eusko Jaurlaritzak egin duen eskenaratzea ikusita, egitasmoa ez da industriala, mediatikoa baizik, eta Zumarragako lantegiaren itxierari aurre egiteko ez du balio. Honi langileenganako errespetu falta deritzogu, hainbat arrazoigatik: “Plana” Urkullu Lehendakariak iragarri eta sailburuak berak hari buruzko prentsaurrekoa eman du bilera aurretik, eta sare sozialetan eman du honen berri bilera bitartean.
Bestalde, Arcelor Mittali dagokio egoera honen ardura; Zumarragako lantegia ixteko asmoa bertan behera utz dezala exijitzen dio ELAk.