Zure osasuna arriskuan / Lucha por tu vida

2002/04/09
Laneko istripuen aurkako lanuzteak oihartzun handia izan du
ELA, LAB, ESK eta STEE-EILAS sindikatuek ongi iritzi diote apirilaren 26an deituta zegoen ordubeteko lanuzteak izan duen erantzunari. Protestaren zergatia, lan munduan izaten den istripu kopuru handia (hain zuzen, eraikuntzako langile bat hil da ezbeharrez Gasteizen). Lanuzteak arrakasta handiagoa izan du industrian eta garraioetan; bi sektoreotan langile gehienek deialdiarekin bat egin dute. Erantzuna ez da hain handia izan eraikuntzan eta zerbitzu sektorean. Lanuzteak iraun duen ordubetean bilkura asko egin dira, eta lantoki ezberdinetan segurtasunaren auzia aztertzeko langileek batzarrak egin dituzte. Aipatutako sindikatuetako arduradunek Bilbon Confebask patronalaren egoitza aurrean amaitu den manifestazioan izan dira. Hau amaiturik, Jose Elorrieta eta Rafa Diez Usabiagak lanuztea egiteko deialdiak lortu duen erantzun zabala azpimarratu dute, eta enpresariek kezka handirik ez dutela salatu dute. Hain zuzen, bi buruzagi sindikalek aipatu dutenez, enpresa txikietako %85ak ez du prebentzio planik, Laneko Arriskuen Prebentziorako Legeak hori agintzen duen arren. Halaber, Elorrietak eta Diezek euskal administrazioei kargu hartu diete, enpresariek segurtasun eta osasun kontutan legeria ez betetzeko jarreraren aurrean utzikeriaz jokatzen baitute. Gainera, ELA eta LABeko idazkari nagusiek enplegu baldintza eskasen eta istripuen arteko lotura estua gogoratu dute. Hain zuzen, laneko istripu larriak aldi baterako langileen artean kontratu finkoa dutenen artean baino hiru bider handiagoak dira. LANEKO OSASUNAREN NAZIOARTEKO EGUNA Apirilaren 26a, mobilizazio eguna "ZURE OSASUNA ARRISKUAN / LUCHA POR TU VIDA" Laneko Osasunaren Egunez, Euskal Herriko lantokietan osasun eta segurtasuna zertan den hausnartu nahi genuke. Euskal langileok nekatuta eta haserre gaude. -Batetik, enpresariek 31/95 legea laneko arriskuen prebentzioari dagokionez betetzeko bat ere kezkarik ez dute agertu. -Instalazioak eta lan-baldintzak hobetzeko inbertsiorik ez dute egin nahi ia, ez diru, ez langile, ez bitartekoetan. -EAEko eta Nafarroako administrazioek legea betearazi eta hain garrantzia handiko alorrean benetako aurrerapena egiteko ia ez dute ezer egin, 2001an laneko istriputan 121 langile hil diren arren. -Enpleguaren etengabeko kolokako egoera dela eta, berori baita istripu gehienen arrazoia. Beraz, norbere arduraren baitan, enpresari eta administrazioei honako puntuak eskatzen dizkiegu: 1. Lantoki bakoitzean benetako prebentzio plan osoak prestatu eta eska daitezela, besteak beste ergonomia, gai kimikoak eta arrisku psikosozialak kontutan izango dituztenak. 2. Laneko Arriskuen Prebentziorako Legeak bolumena edo tamaina gorabehera enpresa orori eragiten badio ere, betebehar hau enpresa txiki eta ertainetan ia erabat saihesten da; horregatik, prebentzio plan horiei lehenbailehen ekitea ezinbestekoa da. 3.Enpresariei eskatzen diegu osasun arreta espezifikoari buruzko 22.artikulua bete dadin kreditatutako erakundeekin itunak itxi ditzatela, 1996 urteaz gero legeak agintzen baitie hori. 4.Aurretik ere esan genuen moduan, 6/2000 dekretuaren arabera enpresek gaixotasun komunen kontrola mutualitateekin hitzartzearen aurka gaude, eta osasun sistema publiko osoaren aldekoak gara (Osakidetza eta Osasunbidea), osasunaren prebentzioa eta sendatzea, lantokian eta beronetatik kanpo ere bermatze aldera. Enplegua dutenek eta ez dutenek babes berdina izan dezaten. 5. Aitor daitezela lanak eragindako gaixotasun moduan giharretako, buruko, tendoietako gaitzak, hainbat minbizi kasu, etab. 6.Inbertsioen atalean baliabide ekonomikoak bidera daitezela, langileen osasun- eta segurtasun-arazoei behar bezala aurre egin ahal izateko. 7. Negoziazio kolektiboari buruzko gure konpromisoa gai honen inguruko aldarrikapenak sartzean datza. Enpresariek onartu egin beharko lituzkete. 8.Kontratuen behin-behinekotasuna erabat murriztu dadila, eta azpikontratazioen katea nahiz ABLEen bidez langileak uzteko ohitura amai dadila. 9. Herri-administrazioei eskatzen diegu ugazabek legeak betetzen ez dituztenean zerbait egin dezatela, egungo utzikeria konplizean jarraitu ordez. Hori dela eta, sinatzen dugun sindikatuok langileei dei egiten diegu gure osasunaren alde mobiliza daitezen: - Apirilaren 25ean, lau hiriburuetan izango diren manifestazioetan parte hartuz - Apirilaren 26an, goizeko 11etatik eguerdiko 12etara izango den lanuztea eginez; lantokietan batzarrak eta bilkurak izango dira. Bilbon, 2002ko apirilaren 9a ELA·LAB·ESK·STEE-EILAS IRITZIA: Gizonezkoek istripuak izaten dituzte, emakumezkoak gastatu egiten dira(Eusebio Alberdi eta Begoña Diez de Ulzurrun)