Zurekin goaz, gurekin zatoz #Landeia #ZurekinGoaz

2018/11/08
Asko dira hauteskunde sindikalen epealdi-trinkoa hasi zenetik ELAk lortu dituen emaitza positiboak; azaroan eta abenduan nabarmen igoko dira egin beharreko hauteskundeak.

Hauteskunde sindikalen epealdi-trinkoaren prozesua hasi berri den arren, bide onetik goaz. Irailaren lehenean hasitako hauteskunde sindikalen epealdi-trinkoa 2019ko maiatzaren 31rarte luzatuko da; hilabete horietan Hego Euskal Herri osoko 11.181 ordezkari berrituko dira, guztira dauden delegatuen erdia baina gehiago. Prozesu hau nabarmen suspertuko da azaroan eta abenduan, baina irailean eta urriko lehen egunetan egin diren bozetan ELAk benetan aipagarriak diren hainbat emaitza eskuratu ditu.

Emaitza horien artean zalantzarik gabe Mercadona aipatu beharra dago. Merkataritzaren sektoreko enpresa honek zabalkunde izugarria izan du azken urteetan Euskal Herrian, eta lehenengoz bertan egin dira hauteskundeak. Emaitzak bertan bikainak izan dira, eta guztira dauden 103 ordezkarietatik 47 ELArenak dira.

Mercadonarena ez da Zerbitzuak federazioan nabarmendu beharreko emaitza on bakarra. Inondik inora. Lidl bezalako beste saltoki handi batean ordezkaritza nabarmen handitu dugu Bizkaian. Lehen 9 ordezkari zeuden, horietatik 5 ELArenak. Berriki egin diren bozetan aukeratu diren 13 delegatuetatik 9 eskuratu ditu sindikatuak.

Industria eta Eraikuntza. Azken urteetan egindako lanak bere fruituak ematen ari da. Gauzak honela ELAk lehenengoz ordezkaritza izango du Gernika-Durango eskualdeko Walar Engine Components enpresan
–lehen bost delegatu zeuden, bakar bat ere ez ELArena; orain bi dira ELArenak–. Leioako Toyota Japan Car-en ere ordezkaritza handitu dugu (lehen 5etik 4 eta orain 5etik 5). Eibarreko EPCn lortutako emaitza ere nabarmendu beharra dago; lehen bost ordezkaritik bi ziren ELArenak, orain lau.

Nafarroatik ere heldu dira albiste onak federazio honetan. ELAk Siemens Gamesak Agoitzen zuen ordezkaritza bikoiztea lortu du, 3tik 6ra jauzi eginez –lehen 9tik 3 eta orain 13tik 6–. Navarpluman lortutako emaitza ere aipagarria da; lehenengoz egin dira bertan bozak, eta ELAk jokoan zeuden delegatu guztiak eskuratu ditu, 3.

Gizalanen ere hainbat izan dira ELAk lortu dituen emaitza aipagarriak, bereziki Araban. Esaterako Arabako Gaixo Psikikoen Errehabilitazioan (RAEP) egindako bozetan ELAk jokoan zeuden bost ordezkarietatik lau lortu ditu; lehen delegatu bakarra zegoen, beste sindikatu batena. Bestalde, Arabako Kalkulu Gunean –Arabako Foru Aldundiaren informazio sistemen emailea– berriz ere jokoan zeuden bederatzi delegatuak lortu ditu ELAk. Araban etxez-etxeko laguntza zerbitzua eskaintzen duen Aztertzen enpresan  ere ordezkaritza handitzea lortu da (lehen 9 ordezkaritik 4, orain 9tik 6).

Beste herrialdeetan ere emaitza on nabarmenak daude zerbitzu publikoetan. Gernikako Udalean, esaterako, ELAk aurreko hauteskundeetako emaitza bikaina errepikatzea lortu du, 5etik 4 ordezkari eskuratuz. Itunpeko irakaskuntzari dagokionez, Indautxuko Jesuitas ikastetxean ELAk igoera nabarmena izan du. Lehen 6 delegatu zituen, eta orain, berriz, delegatu guztiak gure sindikatuarenak dira (9tik 9).

Enpresa Txiki Ertainetan ere, topera. Orain arte komiteko enpresak –hots, gutxienez bost ordezkari aukeratzen direnak– aipatu ditugu. Baina, noski, Enpresa Txiki Ertain askotan ere egingo dira bozketak datozen hilabeteetan. Handia edo txikia izan, ELArentzat ezinbestekoa da enpresa guztietan presente egongo den gune sindikal bat sortzea. Helburu hori funtsezkoa da langile-jendea antolatzeko borrokan.

Honen adibide argia da Irungo Ogitxu enpresa. Lehen ez zegoen ordezkaritzarik, baina ELAk langileak antolatu eta hauteskunde sindikalak egitea lortu du. Hala, Enpresa Txiki Ertain honen delegatu bakarra ELArena izango da.

Mercadona, adibide bikaina hauteskundeei dagokienez

Emaitza positibo ugari ekarri dizkigute hauteskunde sindikalen epealdi trinkoko lehen asteek, baina bereziki hauek azpimarratu nahi ditugu: Mercadonakoak. Gogotik hedatu da merkataritza-sektoreko enpresa ezagun hori Hego Euskal Herrian azken lau urteotan: 28 denda eta parke logistiko bat ditu, eta bi mila bat langile.

Orain arteko hauteskunde-prozesuetan, 103 ordezkari hautatu dituzte; horietatik, ELAkoak dira 47 ( % 45,63). Lurraldeka, Gipuzkoan 24 ordezkaritik 10 dira ELAkoak (% 41,66); Araban, 26tik 12 (% 46,15); Bizkaian, 34tik 22 (% 46,15) eta Nafarroan, azkenik, 19tik 3 (% 15,78).

Zerbitzuak-eko arduradunak, Egoitz Iturbek, adierazi duenez, Mercadonako langileek ELA hautatu dute beren eskubideen alde borrokatzeko. “Mercadonako lantegi batera joaten garenean, hau izaten da gure lehen mezua: Hego Euskal Herrira ekarri behar da negoziazio kolektiboa, garbi utzi behar da hemen negoziatu nahi ditugula gure lan-kondizioak. Edukietan dago gakoa, ez lurraldeetan. Izan ere, estatu mailako hitzarmenek hondatu egiten dituzte lan-baldintzak”.

ELAko ordezkariak Mercadonan egiten ari diren lana ere azpimarratu du Iturbek, eta gogoratu du langile gehienek egiten dutela bat haien borrokarekin. “Mercadonako langileen arazo nagusietako bat lan-karga handiak dira, eta jasaten duten presioa. Gure herrian langileen eskubideak errespetarazteko egiten dugu borroka, eta Mercadona ez da salbuespena. Bestalde, baditugu beste bio lehentasun ere Mercadonari dagokionez: soldata-arrakalaren aurkako borroka, eta igande zein jaiegunetan dendak zabaltzearen aurkakoa”.