ARCELOR MITTAL

Zuzendaritzak aldebakarrez ezarritako aldi baterako lan erregulazioaren kontra dago ELA

2024/01/03
Zuzendaritzak aldebakarrez ezarritako aldi baterako lan erregulazioaren kontra dago ELA Enpresak urtebetez luzatu du CCOO, UGT eta USO sindikatuek Etxebarri, Lesaka, AMDS eta banaketarako onartutako espedientea

Arcelor Mittalek aldebakarreko ABLE berri bat ezarri du Etxebarri, Lesaka, AMDS eta banaketarako lantegi eta jardueretan. ELAk salatu nahi du, beste behin ere, enpresak iruzurrean erabiltzen dituela estrukturalki egoera jakin baterako izan beharko luketen aldi baterako lan erregulazioak.

Enpresak 14 urte daramatza espedienteak aplikatzen, eta hori erabat irregularra da. Gainera, kasu honetan, urtebetez luzatu da espedientea; epe hori guztiz da gehiegizkoa. Gainera, enpresak ez ditu espedientearen arrazoiak justifikatu, eta estatuko sindikatuek aurreko espedientea duela 3 hilabete sinatu zutela aprobetxatu du aipatutako luzapena ezartzeko.

Inbertsio gehiago, plan industrialak eta kontratazio berriak eskatzen ditu ELAk. Euskal Herriko lantegietan, enplegu galera etengabea da, eta ez da ia kontrataziorik egiten; aldi berean, txanda kontratua modu irregularrean erabiltzen da. Iruñeko eta Gasteizko gobernuei ELAk eskatzen die enpresaren zuzendaritza bultzatzen ari den desindustrializazio-prozesuaren aurrean jarduteko.