Zuzendaritzak ETBko 130 lanpostu inguru amortizatzeko intentzioa du

2015/07/22
Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusiak ELAko atal sindikalari jakinarazi dio ETBn plantilla %20 murrizteko asmoa duela.

ETBn ordezkaritza duten sail sindikalekin (LAB 13 ordezkari eta ELA 10 ordezkari) izandako bitako bileretan, EITBko zuzendaritzak langileen ordezkariei jakinarazi die ETBko plantilla 6 edo 8 urteren buruan %20 murrizteko asmoa duela. Horren ondorioz 130 lanpostu inguru suntsituko lirateke ETBn. Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusiak, Jesus Elgezabal gerenteak eta Javier Salcedo giza-baliabideetako zuzendariak enplegu galera hau argudiatzeko azken urteetan jasandako finantzaketa murrizketak aipatu zituzten (50 milioi 2009 eta 2015 bitartean), baita Mediaset eta A3media taldeen lehia gogorra ere.

Iturbe zuzendari nagusiak agertu duen asmo hau ez da berria; EITBn lanpostuak suntsitzen ari dira azken urteetan. Hain zuzen, ELAk salatu du 2009 eta 2015 bitartean EITBn 200dik gora enplegu kendu direla, azken 26ak, Eusko Irratian egin den Enplegu Erregulazio Espedientea medio; honi dagokionez, ELAk auzitara jo du eta EAEko Goi-Auzitegiko epaiaren zain dago.

ELAk EITBren asmoa ez du onartzen, eta bere esku dagoen guztia egingo du lanpostuen eta kalitatezko euskal irrati-telebista publiko baten alde eta zuzendaritzak bultzatu nahi duen externalizazio politika geldiarazteko.