Zuzendaritzak irabazi pertsonalak jarri ditu aurretik Papresa-ren salmentan

2007/12/07
ELAk Errenteriako Papresaren egungo zuzendaritzaren aldebakarreko eta interesadun jokoa salatu du Donostian eskaini duen prentsaurrekoan. ELAren esanetan zuzendaritzak bere irabazi pertsonalak aurretik jarri ditu salmentan.

Hau da irakurri duten agiria

PAPRESAKO EGUNGO ZUZENDARITZAREN ALDEBAKARREKO ETA INTERESADUN JOKOA SALATZEN DU ELA-k

“ Zuzendaritzak bere irabazi pertsonalak aurretik jarri ditu salmentan “


Alfonso Gallardo Taldeak PAPRESA erosteko egindako eskaintza dela eta, gai honen inguruan sorturiko interes ezberdinen aurrean, ELA-k bere jarrera argi utzi nahi du.

Gure ezezko borobila eta salaketa argia azaldu nahi dugu PAPRESAko zuzendaritzak salmenta-prozesu guzti honetan eginiko kudeaketaz. Aldebakarreko kudeaketa burutu du Enpresa Batzordea eta Sindikatuak baztertuaz. Eskumen guztiak bereganatu ditu zuzendaritzak, dagozkionak eta ez dagozkionak ere. Ahal eta diru gehien poltsikoratzea izan du helburu bakartzat. Horretarako, ez du zalantzarik izan pertsona bakoitzari zenbat dagokion aldebakarrez erabakitzeko. Honela, salmenta ahalbideratzen ahalegindu da, beraiek diru kopuru handia jasotzeko asmoz.

95. urtean, Papelera Españolak bizitzen zuen krisialdi egoeratik irteten laguntzeko asmoz, Enpresa Batzordea, Zuzendaritza eta ELA eta LAB sindikatuek ituna sinatu zuten. Akordio honetan uko egiten zaio, espresuki, onura pertsonalak lortzeari. Akordioaren 7. Artikuluak honela dio: “PAPRESA S. L. edo bere aktiboen kokapena operazioaren ondorioz, ondasunen titularren alde inolako irabazirik egongo balitz, alde guztiek uko egin liokete probetxu pertsonalak eskuratzeari, eta irabaziak ematen diren heinean erakundeekin dituzten zorrak kitatzeko edo etorkizuneko baldintzak hobetzeko konpromisoa hartzen dute ”.

95. urtetik hona enpresak garrantzizko inbertsioak gauzatu ditu, bere emaitza-kontua ongi asko hobetu da eta ederki asko kokatu da bere merkatuan.

Prozesu guzti honen hasieratik, gure nahia PAPRESAren etorkizuna bermatzea izan da. Haatik, ez gaude prest diruaren banaketa soil batetan parte hartzera eta, are gutxiago, gure sinadurarekin pertsona batzuk (zuzendaritzakoak) poltsikoak neurririk gabe betetzea posible egingo dituen erabakiak babestera.

ELAk beti defendatu du, eta oraingoan ere, 95eko akordioaren espiritua eta idatzitakoa. Baina prozesu honetan ez da negoziaketarik izan. 95eko akordioan adosturikoa bete dadin eskatu dugu behin eta berriro, zuzendaritzari honako proposamen bikoitza eginaz: diru kopuru bat emanaz langileei batetik, eta langileen diru-funtsa bat sortuaz enpresan inbertsioak sustatu eta bultzatzeko, bestetik.

LABek, zuzendaritzaren pare, diru banaketa suposatuko ez lukeen ezer ELArekin adosteari uko egin izana ez dugu ulertzen. Gakoaren muina “Garantías de Rentería” izeneko sozietatean dago, hain zuzen langileen eskubideak bermatzeko helburua duen sozietateak. Sozietate honen % 50 zuzendaritzarena da eta beste % 50 ELA eta LAB sindikatuena. ELAren ustetan 95eko akordioa ez da betetzen, hain zuzen beharrezko gehiengoak errespetatzen ez direlako eta zuzendaritzak alde bakarreko erabakia hartzen duelako. Zentzu horretan, LABek ere bere oniritzia eman izanaren berririk ez dugu.

ELAk argiro adierazi nahi du PAPRESAn gure jarrera irmoki defendatuko dugula juridikoki eta politikoki ere.

Azkenik, ELAk Alfonso Gallardo Taldeak 95eko akordioaren itxaropenak betetzen dituela uste du, industria alorrean aritzen baita eta ez espekulazio alorretan.