Hamar langabetutik sei emakumeak dira, biztanleria aktiboaren erdia baino gutxiago diren bitartean

Enplegu zerbitzu publikoak argitaratutako datuek aditzera eman dutenez, Hego Euskal Herrian 154.329 pertsona daude langabezian. Bilakaerak erakusten duenez, azken hilabetean 1.813 pertsona gehiago daude langabezian; 10.654 lagun gutxiago azken urtean. Azpimarratzekoa da emakumeak langabetu guztien %57,3 direla (88.502), biztanleria aktiboaren %48 izanik.
Langabezia Europako bataz-bestekoa baino altuagoa da gurean: Hego Euskal Herrian 154.329 langabetu daude, eta langabezia-tasa %11,5ekoa da, EB-28koa baino 4,9 puntu altuagoa (%6,6koa da). Soilik Espainiar Estatuak eta Greziak dute tasa altuagoa.
Enplegurik gabe daudenen egoera guztiz prekarioa da. Langabezian daudenen %59,5ak ez du inolako langabezia prestaziorik jasotzen (90.771). Are okerragoa da jatorri atzerritarra duten langabetuen egoera; %76,7ak ez du inolako langabezia saririk.
Urtarrilean sinatu diren kontratuen %91,4 behin-behinekoak izan dira. Langabeziak eta prekarietateak lotura zuzena dute. Beharrezkoa da prekarietatearen aurka borrokatzea langabeziaren aurka borrokatzeko.