LANGABEZIA DATUAK

2008ko krisitik hiruhilekorik txarrena

2024/04/26
Biztanleria Aktiboaren Inkestak argitaratutako datuen arabera, 20.600 langabe gehiago daude eta 38.100 pertsona galdu dira enpleguan. Gauzak horrela, ELAk gogorarazi du 2008ko krisitik izandako hiruhilekorik txarrena dela langabeziaren eta okupazioaren saldoari dagokionez. Lehen hiruhilekoa izan arren (enpleguak modu negatiboan erantzuten du urtearen hasieran), datuak azken urteetakoak baino askoz okerragoak dira. 2009ko lehen hiruhilekotik ez genuen langabeziaren horrelako gorakadarik ikusten; era berean, okupazioaren beherakada handiena izan da 2012tik (2020ko bigarren hiruhilekoan izan ezik). Bestalde, garrantzitsua da industriaren egoera aipatzea, okupazioaren datuetan geldialdi argia ikusten baita. Horrez gain, sektore publikoaren behin-behinekotasunari arreta berezia jarri behar zaio, tenporalitateak markak hausten jarraitzen baitu eta EAEn %50ean kokatu da.

 

Langabeziak gora egin du 2024ko lehen hiruhilekoan. 121.300 langabe egon dira Hego Euskal Herrian, aurreko hiruhilekoan baino 20.600 gehiago. Horrelako igoerarik ez zen ikusten 2009ko lehen hiruhilekotik. Langabeen kopuruak gora egin duenez, langabezia-tasa %7,1etik %8,6ra igo da ( %9,2 emakumeen artean eta %8,1 gizonen artean). Gazteen egoera prekarioa nabarmendu behar da, gazteen langabezia-tasa zertxobait igo baita berriro, eta %21era iritsi da dagoeneko HEHn.

Okupazioak ere zifra negatiboak ditu. Landunen kopurua nabarmen jaitsi da aurreko hiruhilekoaren aldean, eta enpleguaren beherakada 38.100 pertsonakoa izan da. Hala ere, egia da urte arteko saldoak positiboa izaten jarraitzen duela, 35.800 pertsonarekin. Hiruhileko arteko enpleguaren suntsiketa ia berdin gertatu da gizonen eta emakumeen artean, 19.900 eta 18.200 gutxiago, hurrenez hurren. Sektoreei dagokienez, okupazioak behera egin du sektore guztietan. Zerbitzuen sektorea da liderra jaitsieran (-22.100), ondoren eraikuntza (-7.300) eta industria (-6.800). Arreta berezia jarri behar zaio industriako enpleguari; izan ere, badirudi Europako inguruneko egoera negatiboa nabaritzen hasi dela, urte arteko konparazioak ez baitu igoerarik izan okupazio zifretan.

Kontratuen behin-behinekotasun-tasari erreparatzen badiogu, ikusten da ia ez dela mugitu azken hiruhilekoan. Tasa %20tik %19,2ra soilik jaitsi da, eta hori aldi baterako enplegua suntsitzearen ondorio da, eta ez enplegu mugagabea igotzearen ondorio. Gainera, 2022ko laugarren hiruhilekotik ez da beheranzko joerarik ikusten tasa horretan. Alde horretatik, emakumeek prekarietate handiagoa pairatzen dute, aldi baterako kontratuen tasa %23,2koa baita, eta gizonen artean, berriz, %15,5ekoa. Egoera hori larriagotu egin da azken hiruhilekoan, behin-behinekotasuna puntu erdi baino gehiago igo baita emakumeen artean. Adierazi behar da behin-behinekotasuna gero eta handiagoa dela sektore publikoan, batez ere EAEn, bi pertsonatik bat prekarietate-egoera horretan dago.