EPA

2008ko krisitik hiruhilekorik txarrena

2024/05/03
Biztanleria Aktiboaren Inkestak argitaratutako datuen arabera, 20.600 langabe gehiago daude eta 38.100 pertsona galdu dira enpleguan. Honek esan nahi du 2008ko krisitik izandako hiruhilekorik txarrena dela langabeziaren eta okupazioaren saldoari dagokionez. Lehen hiruhilekoa izan arren (enpleguak modu negatiboan erantzuten du urtearen hasieran), datuak azken urteetakoak baino askoz okerragoak dira.

Langabeen kopuruak gora egin duenez, langabezia-tasa %7,1etik %8,6ra igo da ( %9,2 emakumeen artean eta %8,1 gizonen artean). Gazteen egoera prekarioa nabarmendu behar da, gazteen langabezia-tasa zertxobait igo baita berriro, eta %21era iritsi da dagoeneko HEHn.

Kontratuen behin-behinekotasun-tasari erreparatzen badiogu, ikusten da ia ez dela mugitu azken hiruhilekoan. Tasa %20tik %19,2ra soilik jaitsi da, eta hori aldi baterako enplegua suntsitzearen ondorio da, eta ez enplegu mugagabea igotzearen ondorio. Gainera, 2022ko laugarren hiruhilekotik ez da beheranzko joerarik ikusten tasa horretan. Alde horretatik, emakumeek prekarietate handiagoa pairatzen dute, aldi baterako kontratuen tasa %23,2koa baita, eta gizonen artean, berriz, %15,5ekoa. Adierazi behar da behin-behinekotasuna gero eta handiagoa dela sektore publikoan, batez ere EAEn, bi pertsonatik bat prekarietate-egoera horretan dago.

Kontratazioaren partzialtasuna da emakumeek gehien pairatzen duten prekarizazio-elementua. Gizonen partzialtasun-tasa %6,7koa da, eta emakumeena, berriz, %23,5ekoa. Hau da, lau emakumetik batek kontratu partziala du.