2018an Eusko Jaurlaritzak eta EAEko Foru Aldundiek 679,2 milioiren superabita izan zuten

2019/10/10
Eusko Jaurlaritzak eta EAEko Foru Aldundiek zorrotz betetzen dute ortodoxia neoliberala aurrekontuei dagokienez. Unean uneko espainiar Gobernuarekin hitzartzen dute Aurrekontu- eta Finantz-Egonkortasunerako Legea aplikatzea, eta uko egiten diote aurrekontu-politika bertan erabakitzeko ahalmenari.

Erabaki honen ondorioz urtez urte aurrekontu igoera gero eta murritzagoa da, zenbait muga aintzat hartu behar baita, besteak beste, gastu-araua delakoa; honek ezartzen du, esaterako, 2019an administrazio guztien aurrekontua ezin zela %2,7tik gora hazi, kopuru nominaletan. Horixe adostu zuten bere garaian Rajoyrekin, eta Pedro Sanchezen gobernuarekin ere kopuru berbera aplikatu da. Politika murriztaile hauen ondorioz beharrizan sozial larriak, gero eta handiagoak, ez dira kontutan izaten.

 

Gastu-araua onartzearekin batera uko egiten zaio beharrizan horiek osatzeko diru gehiago bideratzeari, baita diru-bilketa uste baino gehiago haziagatik ere.

 

Hori ari da azken urteetan gertatzen. Eusko Jaurlaritzaren Aurrekontu-betearazpen Estatistiken arabera, 2018an Eusko Jaurlaritzaren eta Foru Aldundien superabit kontsolidatua 679 milioi euro izan zen, hau da, 2017ko 511 milioiak baino %32,8 gehiago.

 

Areago, 2018ko superabita askoz handiagoa izango zatekeen euskal erakundeek gero eta zor gehiago kitatuko ez balute. 2018an aurreko urtean baino 580 milioi euro gehiago amortizatu zuten. Beraz, horretarako badago dirua. Gai sozialetan ez dute halako ahaleginik egiten: Horra Hezkuntza sailaren adibidea (2018an 2.798 milioi euro izan zituen gastatzeko, 2017an baino 10 milioi gehiago).

 

Aurrekontu-politika honen logika da zerbitzu publikoak eraistea, gizarte-prestazioak etengabe murriztea eta jendearen beharrizanen lepotik negozioa sustatzea.

 

Europar Batasunean hasi dira ahots (gutxi) batzuk entzuten aurrekontu egonkortasun legeak alda daitezen eskatuz. Baina beste zerbait egin beharko litzateke: horiek baztertu eta aurrekontu-politika berton erabaki, gizarte-babeserako baliabideak zeharo gehitu eta diru-bilketa handiagoa eragin (iruzur fiskalari jazarriz eta errenta altuei, enpresei eta kapitalei zerga handiagoak ezarriz).

 

Haatik, eztabaida honetan Urkullu, Rementeria, Olano eta Gonzalez ortodoxia neoliberalak agintzen duen aurrekontu-politikari eutsi behar zaiola esaten dutenen alde kokatu dira. “Kudeaketa ona” esaten diote, baina 679 milioi pilatzea, osasungintzan, zerbitzu sozialetan, etxebizitzan edo gizarte-prestazioetan beharrizan larriak daudenean (osatu gabeak edo oso modu eskasean osatuak), ez da ondo kudeatzea; aitzitik, lotsa ematen du, eta agerian uzten du ez daukatela borondate politikorik defizit sozial horiek konpontzeko.