2018an langabezia prestazioetan ordaindu zen 2012ko kopuruaren erdia baino gutxiago

2019/07/03
Murrizte politika aspaldidanik dator. Lan- eta gizarte-eskubideek etengabeko erasoa jasan dute azken hamarraldiotan. Politika hori aplikatu duten eremuetako bat langabezia prestazioena da; murrizteko, prestazioak jasotzeko eskubidea izateko eskakizunak gogortu dituzte, zenbatekoa murriztu eta prestazioaren iraupena laburtu.

 

Politika murriztaile horren ondorioz, kotizaziopeko prestazioak jasotzen dituzten langabeen portzentajea oso txikia da, %25a. Beste %15ak kotizaziopeko ez den laguntzaren bat jasotzen du. Horrek esan nahi du langabeen %60ak langabezia sistemaren estaldurarik ez duela. Azken urteetan jaitsi egin dira hala estaldura tasa nola sistemak babestuta daudenei ordaintzen zaien batez besteko zenbatekoa; hau aipatu izan dugu ELAren Azterketa bulegoak egiten duen Egoeraren Azterketan.

Duela gutxi argitaratu diren datuek errealitate hori hobeto ezagutzeko aukera eman digute:

  • 2018an Hego Euskal Herrian 795 milioi euro ordaindu dira langabezia prestaziotan (kotizaziopekoa, laguntzazkoa eta kotizazio sozialak barne), hots, aurreko urtean baino 39 milioi euro gutxiago (orduan 834 milioi izan ziren).

  • 795 milioi horiek BPGaren %0,8a dira. Beraz, aberastasunaren zati gero eta urriagoa bideratzen da langabezia prestazioetara.

  • EAEn eta Nafarroan langabezia prestazioek azken urteetan izan duten bilakaera aztertuz gero, ikus daiteke erdia baino gutxiago ordaintzen dela egun (zehazki, 910 milioi euro. 2012an 1.705 milioi izan ziren, eta aldiz iaz, 795. BPGaren portzentajea %2tik %0,8raino jaitsi da).