“Belaunaldi arteko Ekitate Mekanismo berria gobernuak pentsioetan murrizketak egiteko txeke zuria da”

2021/07/08
ELAk prentsaurrekoa eskaini du CCOO, UGT, CEOE eta Espainiako Gobernuak uztailaren 1ean adostutako pentsioen erreformaren inguruan sortutako “desinformazioari eta propagandari” aurre egin, eta erreformak dakartzan “ondorio larriei” buruz ohartarazteko. Horretarako, Mitxel Lakuntza idazkari nagusia, Mikel Noval Azterketa Bulegoko arduraduna eta Janire Landaluze azken honetako kidea izan dira prentsaurrean. Prentsaurrekoan ELAk azpimarratu nahi izan du Belaunaldi arteko Ekitate Mekanismo berria gobernuak pentsioetan murrizketak egiteko txeke zuria dela.

IRAKURRI TXOSTENA

BEM: Izen berria, murrizketa zaharrak

Idazkari nagusiak bereziki azpimarratu nahi izan ditu Belaunaldien arteko Ekitatearen Mekanismo berriaren ondorioak (BEM): “Erreformak murrizketa larriak ekarriko ditu, bai erretiro aurreratuan, bai Iraunkortasun Faktorea BEMarekin ordezkatzerakoan. Izan ere, BEMarekin txeke zuri bat ematen zaio gobernuari, erretiro-adina edo pentsio berrien kalkuluaren gisakoetan neurri berriak hartzeko aukera eskaintzen diolako”.

Izan ere, Mikel Novalek azaldu duenez, Iraunkotasun Faktorea “ez da indargabetzen”, baizik eta BEMarekin ordezkatuko da. “Iraukortasun Faktorea pentsioak doitzeko mekanismo automatiko gisa formulatu zen; Gobernuak etorkizuneko pentsioak murriztu zitzan, bizi-itxaropena handitzen bazuen. Hau da, urte gehiago bizitzea bada aurreikuspena, urteko diru-sarrerak murrizten dira. Eta horixe espero dugu aurtengo erreformarekin, BEMaren bidez”. Gainera, ziurtatu du, azaroaren 15a baino lehen ez badago adostasunik Elkarrizketa Sozialean mekanismo horren edukia zehazteko, gobernuak “bidea libre” izango du pentsioen kalkuluan, erretiro-adinean edo pentsioen balio-handitzean murrizketak aplikatzeko. Hori dela eta, Novalen aburuz, Escrivá ministroaren adierazpenak, baby boomaren belaunaldiak bere pentsioak murriztu eta/edo geroago erretiroa hartu beharko lukeela esanez, “bat datoz hitzartutakoarekin”.

Bestetik, Janire Landaluzek gogorarazi du erreformak, gutxieneko pentsioa 1.080 eurotan finkatzeko eskaerari muzik egiteaz gain, gehienezko pentsioei ere eragiten die, erretiro aurreratuak eragozteko. Gainera, adierazi du KPIaren arabera pentsioen balio-handitzeko iragarpena “praktikan” badaudela jada, “2018tik aurrera aplikatzen ari direlako aurrekontuen bidez”, eta 5 urterako soilik ezarriko da, hala adierazita dagoelako akordioan.

Elkarrizketa soziala: murrizketei estaldura emateko mekanismoa

ELAk gogorarazi du akordio hori Gizarte Elkarrizketa delakoaren emaitza izan dela, hau da, “gizarte-bakearekin, pentsioen murrizketak bideratzeko mekanismoaren bidez”. Alde horretatik, Mitxel Lakuntzak Toledoko Ituna eta bere filosofia gaitzetsi ditu: “Horretarako balio dute mahai horiek, murrizketak bideratzeko eta desmobilizatzeko”.

Horregatik guztiagatik, idazkari nagusiaren hitzetan, ELAk ordezkaritza duten alderdiei eskatuko die “erretiro aurreratuan planteatutako murrizketak argi eta garbi errefusatzeko, bai eta Iraunkortasun Faktorea indargabetzea exijitzeko ere, beste mekanismo batez ordezkatzeko aukerarik gabe. Era berean, pentsiodunen mugimenduaren eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak deitutako urtarrilaren 30eko greba orokorraren aldarrikapenak ere sartu behar dira”.