KRISI FINANTZARIOA

“Finantza-sistemak egiturazko arazoak ditu, eta horiek hauskortasun handia erakusten dute”

2023/03/27
Krisi finantzarioaz hitz egiten hasi da azken bi asteetan hainbat bankuk porrot egin ostean. Lehenengo Estatu Batuetan, Silicon Valley Bank (SVB), Signature Bank eta First Republic Banken kasuekin. Ondoren, Europan, Credit Suisse Suitzan eta Deutsche Bank Alemanian erori ziren. Europako Banku Zentrala (EBZ) bezalako erakundeek gertakari isolatuak direla ziurtatu arren, begi-bistakoak dira 2008ko krisiaz geroztik zuzendu egin ez diren banku-sistemaren egitura-arazoak: bankuen kapitalizazio txikia, banku zentralek hartutako moneta-politikak, ekonomiaren finantzarizazioa edo erregulaziorik eza. Xabier Zabala eta Aitor Murgia ELAko Azterketa Bulegoko kideek bankuen egungo krisiari buruz hitz egin dute ikuspegi global batetik, interes-tasak igotzeko moneta-politikak banku-sisteman eta ekonomian dituen ondorioak aztertuz, eta finantza-arloan jarraitu beharreko bidea zein izan daitekeen erakutsi dute.

Egunotan asko hitz egiten ari da egoera jasanezinean dauden bankuei buruz, Estatu Batuetan, Suitzan, Alemanian,... nola ikusten duzue egoera?

XZ: Erori den banku bakoitzak, edota burtsako kotizazioa jaisten ikusten ari den bankuak, bere berezitasunak ditu. Baina, hortik harago, argi dago finantza-sistemak egiturazko arazoak dituela, eta arazo horiek hauskortasun handia erakusten dutela: kapitalizazio-maila txikiak, likidezia-maila oso txikia funtsen balizko erretiratzeari aurre egiteko (bankuek bezeroen gordailuek duten diruaren % 1 baino gutxiago dute), mozkina maximizatzera bideratutako banku-negozioa espekulazioa muturrera eramanez...

AM: Garrantzitsua da kontuan hartzea arazo horiek finantza-erakunde guztiei eragiten dietela, neurri handiagoan edo txikiagoan; beraz, egungo krisiak, kaudimen- eta konfiantza-krisi orokortua izanik, banku guztiei eragiten die.

Finantza krisi hau modu isolatuan azter daiteke?

AM: Gure erantzukizuna da analisi tekniko hutsak egiteko tranpan ez erortzea. Egungo finantza-krisia krisi ekonomiko zabalago batean kokatzen da. Adibidez, ezin da bereizi nazioartean gertatzen ari den desazelerazio ekonomikotik. Atzeraldiari edo BPGren hazkunde baxuari buruzko eztabaida antzuetatik haratago, ekonomia geldotzen ari dela egiaztatzen ari da, eta horrek finantza-sistemari ere eragiten dio.

XZ: Horrekin batera, kontuan izan behar da bankuen krisia urrunetik datorrela. Eta, gainera, 2008ko krisiari eman zitzaion irtenbidea egungo krisiaren atzean dagoela. Krisi hori eta gero interes-tasa ofizialak izugarri murriztu ziren finantza-sistema diruz betetzeko, bankuei dirua doan mailegatuz, hauek dirua irabaz zezaten pertsonei, enpresei eta gobernuei diru hori maileguz emanez.

Zergatik diozu hori?

XZ: Tira, mundu guztiak daki horrela ekonomia eta bankuak arnas lagunduan mantendu direla. Eta orain, banku zentralek inflazioarekin amaitzeko interes-tasak igo behar direla erabaki dutenean, bankuek, zor publiko eta pribatuko kopuru izugarriak interes tasa txikietan metatu dituztenek, ikusten dute titulu horien balioa jaitsi egin dela, batez ere epe luzeko tituluena. Horrela, bankuek likidezia izateko titulu horiek saldu behar dituzten unean galerak aitortu behar izan dituzte (hor zeuden galerak baina ez zituztenak aitortu behar).

AM: Paradoxa baten aurrean gaude. Bankuek irabaziak asko handitu dituzte kredituen interes-tasak igo dituztelako, baina uko egin diote gordailuengatik gehiago ordaintzeari. Horren ondorioz, joera bat egon da dirua bankatik ateratzeko, adibidez, interes-tasa handiagoak ordaintzen dituen zor publiko berrian inbertitzeko, eta zenbait bankuk ezin izan diote erantzun diru-eskari horri.

Beste zerbait nabarmendu nahi duzue egungo krisiaren ezaugarriei buruz?

AM: 2008ko finantza-krisia aktibo espekulatiboetan egindako inbertsioek eragin zuten. 2023an krisia oso bestelakoa izaten ari da, esan bezala, zerikusi handiagoa baitu zor-tituluen balio-galerarekin, seguruak direnak eta ez espekulazio-elementuak. Horrek berretsi egiten ditu finantza-jardueraren mugak. Gainera, sektore azpi-arautua da: badirudi 2008ko atzeraldi handia ez zela nahikoa izan bankuek dituzten gehiegizko pribilegioei mugak jartzeko eta arauak ezartzeko. Eta horrek asko esaten du daukaten botereaz.

XZ: Eta ez dugu ahaztu behar hori guztia ekonomia gero eta finantziarizatuaren emaitza dela. Finantza-inbertsioak errentagarriagoak dira ekoizpen-esparruko inbertsioak baino. Eta berehalako errentagarritasuna bilatze horren ondorioz, bankuek gero eta arrisku handiagoko inbertsioak egiten dituzte bezeroen diruarekin, diru hori familiei edo enpresetan inbertitu beharrean.


Banka kezkatuta ikusten duzue?

XZ: Bankuen kezka konfiantza-irudia ematea da. Horregatik, krisi bat dagoenean, “gure bankuak ondo daude”, “Europako araudiak hobeto funtzionatzen du”, edo “gauzak aldatu egin dira” bezalako mezuak zabaltzen dituzte. Baina errealitatean badakite ez dela horrela. Lehen esan dugun bezala, egiturazko arazo batzuk daude eta gainera, finantza-sisteman guztiz barneratuta daude.

AM: Bestalde, haien kezka maila asko jaisten da gobernuak eta banku zentralak bankuak salbatzeko behar den diru guztia jartzeko prest daudela dakitenean. Banku-erreskateak, gure zergen diruarekin ordainduak, finantza-sistemaren arazoak konpontzeko modua dira. 2008ko krisiaren ondoren ikusi ahal izan genuen. Eskandalagarria da egun osoan merkatuez edo merkatu libreaz hitz egiten ahoa betetzen zaienei ahots-tonua ez aldatzea bankuak salbatzeko mugarik gabeko diru publikoa egotea eskatzeko edo goraipatzeko orduan.

XZ: Zentzu horretan, orain Estatu Batuetan edo Suitzan gertatutakoak, edo Europako Banku Zentralak iragarritakoak, baieztatzen dute bankuek hanka sartzen dutenean gobernuak iristen direla zuloak estaltzera. Zero kezka.

AM: Are gehiago, Estatu Batuetan eta Suitzan hartutako irtenbidea beste bankuek porrot egin duten banketxeak erostea izan da, bankuen kontzentrazio-prozesuan handituz eta banku gero eta handiagoak eraikitzeko dinamikan sakonduz. Prozesu honek munstro finantzarioa gero eta arriskutsuagoa egiten du.

Itzul gaitezen lehen aipatu duzuen zerbaitetara, hau da, Banku Zentralek interes-tasak igotzeko gaur egun duten politikara. Zuen ustez, emaitzak ikusita, berrikusi egingo da?

AM: Banku zentralek interes-tasak igotzeko politikarekin bat egin dute, teorian inflazioa jaisteko. Uste dugu dagoeneko mundu guztiak dakiela, baita Banku Zentralak berak ere, inflazioa murrizten ez duen politika dela hori, baina herritar gehienak pobretzen dituela, batez ere hipoteka-kreditua dutenak edo izan nahi dutenak.

XZ: Ez dirudi banku zentralek politika hori aldatu nahi dutenik. Hainbat bankuren porrotaren ondoren, interes-tasek gora egin dute berriro Europan eta Estatu Batuetan. Datozen hilabeteetan ikusiko dugu egoerak nola eboluzionatzen duen, baina noski, gutxi fida daiteke sukarra (inflazioa) eten nahi dutenengan pazientea hilez (ekonomia atzeraldira eramanez).

Zein izan beharko litzateke jarraitu beharreko bidea

AM: Finantza-sistema errotik aldatu behar da. Alde batetik, banka publiko baten beharra azpimarratu beharko litzateke. Michael Roberts ekonomialariak adierazi berri duen bezala: “inoiz ez da planteatzen banku modernoa zerbitzu publiko bihurtzea, osasuna, hezkuntza, garraioa eta abar bezala. Bankuak zerbitzu publikoa balira, etxeetako eta enpresetako gordailuei eutsi ahal izango liekete, eta gero eman, industrian eta zerbitzuetan inbertitzeko, baita gobernuari ere”. Horrekin batera, banka etikoa da beste hanka, non ekonomia sozial eraldatzaileak zeregin garrantzitsua duen. Ikusten denez, finantza-sistema merkatuaren logikatik atera behar da.