Munduko bankua
“Munduko Bankua: Historia kritikoa” Eric Toussaint-en partetik

Maiatzaren 23, 24 eta 25ean Munduko Bankuaren Innovate4Climate nazioarteko konferentzia egin zen BECen. Munduko Bankauren esanetan, finantzen, merkatuen, politiken eta teknologiaren arloetako klima-irtenbide berritzaileenak erakustea zuen helburu topaketa horrek. Horren aurrean, ELAk, besteak beste, jardunaldi bat antolatu zuen, Munduko Bankuaren benetako aurpegia agerian uzteko.
Eric Toussaintek Munduko Bankuaren ibilbidearen azterketa sakona egin zuen 1944an sortu zenetik gaur egun arte. Argudiatu zuen MB zorpetutako herrialdeen menpeko tresna dela potentzia industrializatuen mesedetan , eta ondorio larriak dituela gizarte mailan eta ingurumenean. Erakundearen existentzian aplikatutako politikek helburu argia izan dute: hartzekodunen eta enpresa pribatuen aldeko politiken sustatzea, herrien ongizatearen kaltetan.
Zentzu horretan, azpimarratu zuen hego globaleko herrialde bakar bat ere ez zela industrializatu MBk eta NDFk ezarritako eredua aplikatuta. Izan ere, politika horien ondorioz, Argentina edo Brasil bezalako herrialdeak desindustrializatu egin ziren, eredu esportatzailea indartzera eta haien artean lehiatzera bultzatu baitzituzten. Era berean, herrialde batek Munduko Bankuarekin eta Nazioarteko Diru Funtsarekin akordio bat sinatzen zuen lekuetan zorpetzea handitu egiten zen, demokratikoki aukeratutako gobernuak austeritatearen eta merkataritza askearen logikaren menpe jarriz.
Azkenik, CADTMko (zor ez-legitimoak indargabetzeko komitea) presidenteak zenbait aukera azaldu zituen menderatze eta arpilatze logika horrekin amaitzeko. Lehenik eta behin, azpimarratu zuen ezinbestekoa zela BMko eta NDFko erakundeetatik ateratzea. Bestalde, diru-baliabide gehiago lortzeko politika fiskala zein garrantzitsua den aztertu zuen, non kapitalak gaur egun egiten duena baino askoz ekarpen handiagoa egin beharko lukeen. Gainera, zorraren auditoria nabarmendu zuen, zorra zein den eta zein ez identifikatzeko, bai eta beste gai batzuk ere, hala nola beste gobernu batzuekiko integrazio-akordioa, Hegoaldeko Bankua sortzea, eskualde-integraziorako jarduera ekonomikoetarako inbertsioak, etab.