2022an sinatutako kontratuen %76 aldi baterakoak izan dira

2023/01/30
ELAren Azterketa Bulegoak egindako txosten baten arabera, kontratazio mugagabearen hazkunde txikia aldizkako finkoekin eta kontratu partzialekin gertatu da, eta batez ere emakumeei eragiten die.

`Kontratazioaren analisia 2022an´ txostena aurkeztu du ELAk, eta bertan salatu du lan erreformak ez duela lortu lan merkatuaren prekaritateari aurre egitea, kontrakoa baizik: "Prekarietateak arau orokorra izaten jarraitzen du", adierazi du Amaia Muñoak, ELAko idazkari nagusiaren albokoak, 2022ko kontratazioaren datuak aztertuta. “Aldi baterako kontratazioaren iruzurrak masiboa izaten jarraitzen du, kontratuen %76,3k aldi baterakoak baitira, eta lan erreformak, hori aldatu beharrean, prekaritatearen zuritze estatistikoa eragin du”.

Muñoak adierazi duenez, erreformaren onurez konbentzitzeko “irudi kanpaina” betean gaude. “Ustezko gobernu aurrerakoi honek uko egin zion lan erreforma indargabetzeko konpromisoari, eta patronalaren betoa eta Bruselak Europako funtsak jasotzearen truke eskatutako baldintzak onartu zituen. Oinarri horiekin nekez egin daiteke gehiago”.


Kontratu partzialak eta etenak

Bestalde, ELAko Azterketa Bulegoko Xabier Zabalak aletu ditu txostenaren daturik nabarmenenak. Aldi baterako kontratuez gain, Zabalak agerian utzi du partzialtasunak prekaritatea dakarrela, eta bereziki emakumeei eragiten diela. Euskal Herriko emakumeek 2022an sinatutako kontratuen %44 lanaldi partzialekoak izan ziren.

Aldi baterako kontratuen %75ek hilabete baino gutxiago iraun zutela ere salatu du Zabalak. Erreforma defendatzen dutenek azaldu ohi duten datu nagusiari dagokionez, hau da, kontratazio mugagabearen gorakadari dagokionez, Zabalak azaldu du aldi baterako kontratazioak arau izaten jarraitzen duela, eta, gainera, kontratazio mugagabearen gorakada, funtsean, modalitate prekarioenetan gertatu dela, hots, aldizkako finkoetan eta lanaldi partzialeko kontratu mugagabeetan.



Kaleratzea, erraza eta merkea

Pello Igeregi ELAko Negoziazio Kolektiboko arduradunak gaitzetsi duenez, lan erreformarekin kaleratzeek “errazak eta merkeak” izaten jarraitzen dute, eta kaleratze kolektiboek ez dute administrazio baimenik behar. “Elkarrizketa Sozialerako Mahaian lan erreforma sinatu zutenek enpleguaren prekaritatea eraldatzeko ateak itxi zituzten”.

Gainera, Igeregik ziurtatu du kontratu mugagabea izatea ez dela hilabete amaierara iristeko bermea. “Enpresek egoera aprobetxatu dute etekinak handitzeko. Hala ere, soldatak, batez beste, erosahalmena galtzen ari dira, langile klasearen pobretze prozesua azkartuz”.

Egoera horri aurre egiteko, Igeregik eskatu du Zapateroren eta Rajoyren lan erreformak indargabetzea, eta gogorarazi du langileek lantokietan eta sektoreetan mobilizatzen eta aurrez aurre jartzen jarraituko dutela, lan baldintzak hobetzeko eta aberastasunaren bidezko banaketa lortzeko.

Txostena irakurri