Pentsioak
2023ko pentsioen erreformak doikuntza berriak dakartza datorren urtean

Europako Batzordeak apirilean argitaratu zuen 2024ko Zahartzeari buruzko Txostena. 2023an onartutako pentsioen erreformak, besteak beste, 2025eko martxotik aurrera, 3 urtean behin, pentsioen egoera berrikusi eta doikuntza-neurri berriak hartuko zirela jaso zuen. ELAk salatu zuen erreforma hori. Europako txostenaren garrantzia honako honetan datza: bere gastu-aurreikuspenak pentsioen sistema publikoari egin beharko litzaiokeen egokitzapen-maila erabakitzeko oinarria dira.
ELAk adierazi du pentsioen erreforma onartu zutenak etorkizuneko murrizketen mekanismo bat ezartzen ari zirela ezkutatzen saiatu zirela. BOEn argitaratutako testuaren arabera, 2023ko martxotik aurrera, eta 3 urtean behin, pentsioak egokitzeko prozesu bat jarri behar da abian.
Onartutako legeak AIREF agentziaren esku uzten du pentsioen erreformari buruzko ekimena hartzea. Agentziak izaera neoliberal eta antisozial nabarmena du. Onartutakoaren arabera, datorren urteko martxoan zehaztuko du AIREFek zer doikuntza-maila bete behar zaion sistemari, eta Gobernua behartuta egongo da horretarako beharrezko neurriak proposatzera.2024ko Zahartzeari buruzko Txostenaren argitalpenaren ondorioz, 2025ean aplikatu beharreko doikuntza-maila pentsioetan egindako gastuaren % 6,1en baliokidea da (hau da, 11.300 milioiko doikuntza urtean).
ELAk hasieratik esan zuen bezala, Europako Funtsek baldintzazkotasuna dakarte, eta funts horiek jasotzeko baldintzen artean pentsio-sisteman etengabe erreformak aplikatzea dago. Europako Funtsak gobernuen politiketan esku hartzeko mekanismo bat dira, eta Europar Batasunean aspalditik indarrean dauden austeritate-politiken estrategian kokatzen dira.
Pentsioen erreformari babesa eman zioten alderdi guztien erantzukizuna gogorarazi du, besteak beste, EAJrena eta EH Bildurena. Izan ere, pentsioen erreforman onartutako murrizketak baztertzea eskatu genuen erakundeen eskaerari bizkarra eman zioten.
Azkenik, sindikatuarentzat 1.260 euroko gutxieneko pentsioa ezartzeko unea da. Gainera, datorren urterako doikuntza berriak planteatzen duten atalaz gain, azken urteotan onartutako murrizketa guztiak atzera botatzea aldarrikatzen du sindikatuak: erretiro-adinera 65 urtera itzultzea, erretiro aurreratuan eta erretiro partzialean egindako murrizketetan atzera egitea eta pentsioa 15 urteko kotizazioan oinarrituta kalkulatzea, besteak beste.