316.000 pertsonak enplegua eskatu dute Hego Euskal Herriko zerbitzu publikoetan

2020/01/03
Mikel Noval ELAko Azterketa Bulegoaren arduradunak aztertu egin ditu SEPEk langabeziari eta kontratazioari buruz emandako datuak: “Ez daukagu arrazoirik gertatzen ari denari buruz iritzi positiborik emateko. Batetik, erregistratutako langabeziak abenduan gora egin du (+385 lagun EAEn eta +782 Nafarroan); bestetik, 2019an enplegu zerbitzuek langabetzat hartzen dituztenen kopurua gutxi murriztu da, 5.000 pertsona inguru, hazkunde ekonomikoa kopuru errealetan %2ko aizan den arren”.

ELAko bozeramaileak esan du Hego Euskal Herrian 150.000 pertsona dagoela erregistratutako langabezian, baina “enplegu zerbitzuetan 316.000 lagun enplegu bila dabil; honek adierazten du enplegua arazo larria dela biztanleriaren zati oso handi batentzat”.

Novalen ustez, “arazoetako bat prekaritatea da, zeina adibidez erregistratutako kontratu kopuru handian islatzen den. Kontratuak sinatzeak ez du zertan esan nahi enplegua sortzen denik; txandakatze handia gertatzen ari da. Hau da, pertsona berak kontratuak bata bestearen atzetik sinatzen ditu, edota lanpostu beretik hainbat langile pasatzen da. Horregatik 2019an Hego Euskal Herrian 1.406.992 lan kontratu erregistratu ziren, hots, diren langileak baino gehiago”. ELAko Azterketa Bulegoaren arduradunak nabarmendu duenez, “kontratu horien %92,8 aldi baterakoak izan ziren: 100 kontratutatik 8 ere ez dira mugagabeak.”

Enpleguaren egoera larria eta prekaritatea ikusirik, Novalek hau aipatu du: “ELAk salatu izan du bizitzen ari garen egoera hau, eta enplegu politikak goitik behera aldatzea galdegiten du. Lan erreformei atzera eragin behar zaie, lanaldia 35 ordura jaitsi, lan ikuskaritzak bere eginbeharra bete gehienetan legez kanpokoa den aldi baterako enplegua borrokatzeko, eta aurrekontu- eta zerga-politika enplegua sortzera bideratu jendarteak beharrezko dituen sektoreetan, euskal sistema produktiboa eraldatuz trantsizio sozial eta ekologikoari aurre egite aldera”.

Aurreratu duenez, sindikatuak horri eutsiko dio, negoziazio kolektiboaren eta mobilizazioaren bidez, esaterako urtarrilaren 30eko greba orokorrarekin.