34.200 pertsona gehiago langabezian pandemia hasi zenetik

2020/09/14
Sei hilabete igaro dira krisi ekonomikoa hasi zenetik, eta enpleguan utzi dituen datuak negargarriak dira. Krisiaren berehalako ondorioetako bat enpleguaren gaineko odolustea izan zen, eta sei hilabete igaro ondoren, lan-merkatuko ondorioek berean jarraitzen dute eta ez da susperraldirik antzematen

 

Pandemia hasi zenetik, 34.200 pertsona gehiago daude langabezian, eta langabe kopurua 185.420koa da Hego Euskal Herrian; horietatik %55,4 emakumeak dira.

Espainiako lan ministerioak abuztuan emandako azken datuek erakusten dutenez, HEHn langabezia-tasa 2.012 pertsonatan igo da uztailarekin alderatuta, hau da %1,1eko igoera. EAEn, langabezia 3.090 pertsonatan igo da (+%2,16), eta Nafarroan, berriz, jaitsi egin da hirugarren hilabetez jarraian, oraingoan 1.078 pertsonatan (-%2,69).

Otsailetik gehien kaltetutako sektorea industria izan da (langabezia %23,4 igo da), baina egia da ekainetik zifrak egonkortu egin direla. Zerbitzuen sektoreari dagokionez, koronabirusa ahalik eta gutxien kutsatzeko ezarritako murrizketek zuzenean eragin diote sektoreari; gaur egun, %22,3 langabezia handiagoa dago, kontuan hartu gabe langile askok ERTEen babesean jarraitzen dutela. Eraikuntzan ere ia 2.000 langabe gehiago daude (+%19,9).

Uztailean eta abuztuan egindako kontratuen zifrek enpleguaren beherakadaren seinale dira. Iaz baino 70.000 kontratu gutxiago sinatu dira bi hilabeteak kontutan izanda. Ordea, kontratuen behin-behinekotasunak ez da aldatu, oso handia izaten jarraitzen du, abuztuan sinatutako kontratuen %94 aldi baterakoak izan dira.

Krisi ekonomikoak lan prekarioei eragiten die gehien, batez ere ostalaritzari, denda txikiei eta arte eta jolas jarduerei. Horregatik, sektore horietan lan egiten duten gazteak (25 urtetik beherakoak) dira kaltetuenak. Kopuruak kezkagarriak dira, langabezia 11.810etik 17.776ra igo da, hau da, termino erlatiboetan, langabezia %50,5ean areagotu da otsailarekin alderatuta. Gazteen langabezia, beraz, %28,8raino heldu da, duela urte batzuetatik ikusten ez genuen ehunekoa.

Egoera etsigarri honen aurrean, beharrezkoa da aplikatzen ari diren politikak errotik aldatzea. Besteak beste, langabezian dauden pertsonei gizarte-prestazioak bermatu behar zaizkie, eta zaintzaren eta hezkuntzaren sektoreetan enplegu publikoa bultzatu behar da. Gainera, orain inoiz baino gehiago, beharrezkoa da langileria antolatzea, lan-baldintza duinen alde eta aberastasunaren banaketaren alde borrokatzeko.