LANGABEZIA DATUAK

Abuztuan sinatutako kontratuen % 77 aldi baterakoa izan da

2023/09/04
Enplegu Zerbitzu Publikoak argitaratutako datuek erakusten dute langabeziak gora egin duela eta langabeen erdiek ez dutela langabezia prestaziorik kobratzen. Hau da, Hego Euskal Herrian enplegua suntsitu da berriro. Datuei erreparatuta, aurreko hilean 2.496 langabe gehiago erregistratu ziren. Abuztuko zifrek emaitza negatiboak erakusten dituzte EAEn, 2.483ko igoerarekin, 108.658ko langara iritsiz; Nafarroan zifrak apenas mugitu dira eta 29.164 langabe daude oraindik ere. Langabezia tasari dagokionez, % 10ekoa da, Europar Batasunekoa baino askoz handiagoa, uztailean % 5,9koa izan baitzen.

Kontratazioaren datuek egiaztatzen dute enpleguaren kalitatea ez dela ona. Espainiako ministerioak emandako datuen arabera, sinatutako kontratuen % 77 aldi baterakoak izan ziren, hau da, abuztuan sinatutako lau kontratutik hiru baino gehiago aldi baterakoak izan ziren.

Nabarmendu beharreko beste datu bat da langabezian izena emandako pertsonen % 48,8k ez duela langabezia prestaziorik kobratzen, eta soilik % 31,5ek kobratzen duela kotizaziopeko prestazioren bat (zenbateko handiagokoak dira subsidioak baino, hilean 480 eurokoak baitira).

ELAk azpimarratu du datu horiek erakusten dutela kontratazio berrietan dagoen prekaritatea eta enplegurik gabeko jendearen babesgabetasuna.