ENPLEGUA

Abuzturik txarrena erregistroak daudenetik

2025/09/02
Enplegu Zerbitzu Publikoak (SEPE) argitaratutako datuen arabera, abuztuan 4.028 langabe gehiago daude eta behin-behinekotasuna %80ra iritsi da

Langabeziaren hazkundeak kezka sortu du, erregistroak daudenetik abuztuan izandako daturik txarrena baita. EAEn, 4.178 pertsona batu dira langabezi zerrendetara; Nafarroan, bestalde, beherakada txiki bat izan da, 150 pertsonakoa. Aipatutako igoera horrek batez ere emakumeei eragin die, uztailean baino 2.483 langabe gehiago baitaude. Era berean, zerbitzuen sektorean daude langabeak, bertan erregistratu baitira ia langabe berri guztiak.

Urte arteko tasak adierazten du langabeen kopuruak behera egin duela, baina 2023ko abuztuarekin alderatuz gero, egoera ia maila berdinetan mantentzen da. Langabeziari dagokionez, Hego Euskal Herria %9,7an dago, Europar Batasuneko batez bestekoaren oso gainetik (uztailean %5,9koa izan zen).

Enpleguaren kalitateak ere ez du hobera egin. Abuztuan erregistratutako kontratuek aurreko hilabeteetako ezaugarri berak dituzte: prekarietatea eta behin-behinekotasuna. Sinatutako kontratuen %80 aldi baterakoak izan dira, eta joera horrek gorantz jarraitzen du.

Abuztuko zifrak, azken batean, oso negatiboak dira. Langabeziaren hazkundeak, emakumeengan eragin berezia izanik, eta behin-behinekotasunaren gorakadak lan merkatuan prekarietatea sakon errotuta dagoela erakusten dute, emakumeei, migratzaileei eta gazteei gehiago eraginez.