Argindarraren merkatua konpainia handien negozio oparoa bihurtu da

Argindarraren inguruko txostena aurkeztu du ELAk. Mikal Noval arlo sozialeko arduraduna eta Xabier Zabala ikerketa bulegoko kideari egokitu zaie lanaren aurkezpena.
ELAko ordezkariek nabarmendu dute Estatu espainiarreko etxeen urteko batez besteko gastua argiaren fakturan 745,9 eurotan kokatu zela 2017an. 2006 urtetik % 63 garestitu da. Era honetan azpimarratu dute urteetan zehar aldatzen joan diren legeek ahalbidetu dutela hori, modu batean edo bestean mesedegarri izan direnak konpainia elektrikoentzako. Sektorea liberalizatu duten lege horiek, aipatutako konpainien postuetan bukatu duten buruen alderdiek eraman dituzte aurrera. Laburbilduz, ate birakari famatuak izan dira egoera honetara heltzea lagundu dutenak.
ELAren esanetan sistema elektriko baten helburua gizarteak duen energia elektrikoaren beharrizanak asetzea izan beharko litzateke eta “gutxien kontsumitzen dutenei mesede egiten dien araututako prezio sistema tarifario bat ezartzea” eskatu du.
Bestalde, sistema elektrikoaren aldaketa %100 berriztagarria posible izateko, batetik, alde batera utzi behar dira erregai fosila eta nuklearra, eta bestetik, kontsumoaren murrizketa nabarmena beharrezkoa da.