AHTak ez du inolako zentzurik

2017/12/29
Azken egunotan AHTaren berri izan dugu berriz ere: besteak beste, Gasteiz-Burgos konexioak merkantziak garraiatzeko aukerarik izango ez duela jakin dugu; Logroño-Gasteizko konexioa Arabako Errioxa zeharkatzen egiteko hipotesia egon badagoela … denetarik entzun dugu, hori bai, den dena ondorio ekologiko kaltegarriekin lotutakoa.

ELAren ustez, guzti horrek urteotan salatu duguna baieztatu besterik ez du egiten: AHT zentzurik gabeko proiektu bat da, ekonomia, gizarte edo ingurumen ikuspegitik ez da inongo justifikaziorik ez duena. Aitzitik, dirua alferrik galtzen ari da, osasuna, hezkuntza edo gizarte onurak hobetzeko bidaratu beharko zen dirua, hain zuzen ere. Gutxiengo baten interesak lehenesten ari dira; langileek ordaindutako zergetatik ateratzen den diru publikoarekin aberasten ari den gutxiengo hori.

ELAk Eusko Jaurlaritzaren hipokresia salatu nahi du: egun batean, Gasteiz-Burgos konexioan merkantzia garraiatzea funtsezkoa dela esaten dute; hurrengo egunean, berriz, ontzat ematen dute hori horrela ez izatea. Proiektuaren inguruan iritzi kontrajarriak ematen ari dira, helburu bakar batekin: alferrikako azpiegitura handien multzoaren parte den azpiegitura honen eraikuntzari babesa ematea.

ELAk bere eskaera berretsi egiten du: euskal erakundeek ez diezaiotela euro bat ere esleitu AHTari. Honako hau ere exijitzen dugu: obrak berehala geldiaraztea eta lanen auditoria ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa egitea.