aurrekontu politika

AIREFek gastua murrizteko "ohartarazi" dio Nafarroari, nahiz eta superabita izan

2024/10/03
Azken hilabeteetako Nafarroako politika fiskalaren inguruko albisteen arabera, litekeena da 2025ean murrizketak itzultzea. Erreforma fiskalari uko egiteari, gastu arauaren itzulera eta Europako funtsen amaiera gehitu behar zaizkio.

Egonkortasun ekonomikoaren arauak etenda egon dira Europa osoan 2020 eta 2023 artean, pandemiaren eta Ukrainako gerraren ondorioz. Baina 2024rako berraktibatzea onartu zen. Zehazki, 2024an Estatu osoko erakunde guztietan gastu publikoa handitzeko gehieneko muga % 2,6 izatea onartu zen, termino nominaletan. Gogoratu behar da Kongresuko bozketan, bai EH Bildu, bai EAJ, eta baita gobernua sostengatzen duten beste indar politikoak ere beharrezkoak izan zirela aurrekontuen mugak onartzeko. Gainera, egonkortasun arauak berrezartzeak suposatzen du berriz ere hemengo erakundeen aurrekontuak zenbat egin dezakeen gora Madrildik erabakitzea.

Nafarroako Gobernuaren 2024ko gastu araua ez betetzeko arriskuaz ohartarazi du AIREFek (Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independientea) 36/24 txostenean. Erakunde hau, egonkortasun ekonomikoaren arauak (defizitaren muga, zor publikoaren muga eta gastuaren araua) aplikatzen direla gainbegiratzeaz arduratzen da, eta Nafarroak gastu arauak ez betetzea saihesteko neurriak hartu behar dituela dio. Hau da, gastu araua betetzeko "prebentzio neurriak aktibatzeko" ohartarazi dio Airefek Nafarroako Gobernuari, eta neurriak, gastua mugatzea eta murriztea dira.

Gastua murrizteko AIREFen ohartarazpena bere kalkuluen arabera Nafarroak 2024a superabitarekin amaituko duela dioen txosten berberean dago (hau da, biltzen duena baino diru gutxiago gastatuz). Zehazki, 2024an BPGaren % 0,8ko superabita izango duela uste du AIREFek (gastu-araua beteko balu, superabita BPGaren % 2 izango litzateke).

Hau da austeritate politikaren helburuetako bat: gastu publikoa mugatzea, gizarte premiei aurre egiteko nahikoa den edo ez alde batera utzita, eta murrizketak aplikatzea gastua aurreikusitakoa baino gehiago handitzen bada. Kasu horretan, gainera, gastatzen dena baino diru gehiago bilduta ere bai.